Naizen elkartea

Errealitatea lau haizeetara zabaltzeko abestia

Naizen elkarteak Naizen, yo sé quién soy kantua aurkeztu du, haur eta gazte transexualen errealitatea erakusteko. 

Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 24a
13:17
Entzun

«Diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren neska eta mutil bihurtzeko asmoz», Naizen, yo sé quién soy abestia aurkeztu du gaur Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak. Sustatzaileen esanetan, «gure haurren errealitatea lau haizeetara zabaltzeko» balioko du kantuak.

Kai Etxaniz artista nafarra arduratu da Abestia konposatzeaz, eta grabaketan parte hartu dute, besteak beste, Riki Riverak (ekoizpena), Luis del Torok (ekoizpen teknikoa), Ekaitz Goikoetxeak (euskarazko hitzak), Josune Arakistainek eta Maria Antunezek (musika). Bideoklipeko protagonistak, ordea, beste batzuk dira. Markina-Xemeinen (Bizkaia) grabatu zuten hura, elkarteko haurrekin. Hura grabatzeaz, berriz, Luz Tato eta Ander Shinova (GatoBala Films) arduratu dira. 

«Belaunaldi berriei ematen dieten eskertzeko balio izan du», dio Etxanizek bideokliparen making off-ean. Ekitaldian, lan horregatik «eskerrak eman» dizkio Naizen elkarteari  Ekaitz Goikoetxeak ere, «hainbeste gazterentzat argia izateagatik eta ematen duten maitasunagatik». Era berean, Ekai Lersundi ekarri du gogora, eta hari eta hark hasitako bideari eskaini abestia. Politikari eta agintarientzat, berriz, mezu bat, bertsotan: «Transformatzen hasteko egin nahi diet dei».

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere parte hartu du ekitaldian. Guztientzat «adibidetzat» jo ditu gazteak, eta izan duten «ausardia» txalotu du. Hala, Naizen-ek egiten duen lana eskertu du, eta Jaurlaritzaren babesa berretsi die: «Zuen ondoan egongo gara».

Naizen elkartea duela bi urte sortu zen, Chrysallis Euskal Herriaren jarraipen gisa. Elkarte hori hasieran zortzi familiak osatu zuten, eta Naizen, berriz, Hego Euskal Herriko 200 familia inguruk osatzen dute egun. Hala, «beraien seme-alaben errealitatea ikusarazteko eta neska zein mutil horien eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzea» ditu helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.