Elkarrekin Podemos-IUk ikerketa batzorde bat eskatu du txertaketa «irregularrak» argitzeko

Miren Gorrotxategik uste du «sare bat» dagoela txertaketa irregularren atzean, eta Eusko Jaurlaritza «bete-betean inplikatuta» dagoela.

Miren Gorrotxategi, Pilar Garrido eta Isabel Salud, gaurko agerraldian, Gasteizen. ELKARREKI PODEMOS-IU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 25a
12:25
Entzun

Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak proposatu du Osakidetzako txertaketa «irregularren eskandalua» argitzeko batzorde bat sortzea Eusko Legebiltzarrean, gertatutakoa ikertzeko eta «ustezko sarea» noraino iristen den jakiteko. Erantzukizun politikoak argitu behar direla uste du taldeak, eta beste talde batzuekin harremanetan jarri da, ikerketa batzorde bat sortzeko eskatzeko. Gaur goizean egin dute iragarpena Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak eta Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak.

Ahal Dugu-ko zuzendaritzak ezohiko bilera egin zuen atzo Osakidetzako goi kargudunen txertaketari buruzko azken gertakariak aztertzeko eta abian jarri beharreko ekintzak adosteko, eta Ezker Anitza-IU larunbatean batzartu zen gaia aztertzeko. Gaurko agerraldian ohartarazi dutenez, Eusko Jaurlaritza «bete-betean inplikatuta» dago irregulartasun horietan. «Aurrekaririk gabeko eskandalu» bat dela salatu dute, eta atzean «sare» bat egon daitekeela ohartarazi. «Beharrezkoa da ustezko sarea noraino iristen den argitzea eta, hala badagokio, gertatutakoaren erantzukizunak argitzea, maila guztietan», adierazi du Gorrotxategik. Hark azaldu duenez, orain arte jakin diren kasuak «izozmendiaren punta baino ez dira» eta beste goi kargudun asko inplikatuta egon daitezke; hala nola aipatu du Labi aholku batzordeko kide bat ere inplikatuta egon daitekeela Basurtun gertatutako irregulartasunetan.

Gorrotxategik Jaurlaritzari egotzi dio txertaketarekin izandako polemikan «opakutasunez» jokatzea, eta ezinbestekotzat jo du ze gertatu den zehatz-mehatz jakitea eta, hala badagokio, gertakariak Fiskaltzaren esku uzteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.