AEB-ak

«Zero tolerantzia» programa indargabetu du Bidenek

Mexikoren eta AEBen arteko muga «baimenik gabe» igaro zuten 3.000 familiaren banaketa eragin du programak. Oraindik, 611 haur daude euren gurasoekin komunikatu ezinda. Deportazioak eteteko neurria, berriz, behin-behinean indargabetu du auzitegi federal batek.

Mexiko eta AEBak banatzen dituen hesia. JOEBETH TERRIQUEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 27a
11:33
Entzun

AEBetako presidente kargua hartu bezain laster hasi zen Joe Biden Donald Trumpek martxan jarritako zenbait araudi indargabetzen. Beste baten berri eman du bart AEBetako fiskal nagusi Monty Wilinsonek: bertan behera geratu da «zero tolerantzia» izeneko programa. Aurreko agintaldian, 3.000 migratzaile familiatako gurasoen eta seme-alaben banaketa eragin zuen. Egun berean, ordea, Texasko Auzitegi Federalak bertan behera utzi du Bidenek iragarritako beste neurri bat. Hala, bizileku baimenik ez duten migratzaileen deportazioak ehun egunez etetea indargabetu du auzitegiak behin-behinean.

Hala, Wilkinsonek neurriz ekiteko eskatu die estatuetako fiskalei, muga zeharkatzeagatik eginiko delitu txikien kasuan, eta auzitegi federaletara ez jotzeko eta gurasoak haurrengandik ez banatzeko eskatu. Hala, migratzaileen egoera pertsonala, aurrekari penalak, delituaren larritasuna eta zigor posible baten ondorioak kontuan hartzeko exijitu die, eta nabarmendu AEBen oinarrien aurkakoa dela kasu guztiak «egoera indibiduala kontuan hartu gabe» tratatzeko agindu bat: «Politikak aldatu daitezkeen arren, gure zeregina beti berbera da, justizia bilatzea legediaren pean». Halere, erabaki berriak ez luke ustezko delitu egilearen deportazioa eragotziko. 

Aurrez, Trump berak atzerapauso bat eman zuen 2018ko ekainean, araudia indarrean jarri eta bi hilabetera, auzipetuen eta euren seme-alaben banaketa amaituz. Ordurako, milaka haur banandu zituzten euren gurasoengandik; azken horiek muga legez kanpo igaro zutela argudiatuta. Hainbat kasutan, auzipetuak deportatu ere egin zituzten, horien seme-alabak AEBetan mantenduta. Hala, Trumpen administrazioak hainbat salaketa jaso zituen, eta lege zerbitzuek adierazi dute oraindik ere 611 haur daudela euren gurasoekin komunikatu ezin izan direnak. Gainera, aldaketa hark bere hartan mantendu zuen Mexikoren eta AEBen arteko muga «modu ilegalean zeharkatzen» duen oro auzipetzeko eta deportatzeko aukera. 

Berriz ere Paxton

Trumpen aliaturik nabarmenenetako bat da Texasko fiskal nagusi Ken Paxton. Argi utzi zuen hori presidentetzarako bozen ostean errepublikanoaren garaipena aldarrikatu eta emaitzen aurkako helegitea jarri zuenean. Eta Biden Etxe Zurira iritsita, haren aurka jarraitzeko asmoa du; bera izan da administrazio berriaren aurkako lehen helegitea jarri duena. Bizileku baimenik ez duten migratzaileen deportazio aginduak ehun egunez eteteko agindua eman zuen Bidenek kargua hartu zuen egunean, baina Paxtonek aurka egin du, eta estatuko Auzitegi Federalak behin-behinean indargabetu du neurria. «Ezkerreko matxinada sediziozko bat izan da. Nire taldeak eta nik geratu dugu», ospatu du fiskalak.

Paxtonen esanetan, Etxe Zuriak «modu arbitrarioan» jokatu zuen, erabakia Texasko estatuarekin ez adosteagatik. Hura da, Kalifornia, Arizona eta Mexiko Berriarekin batera, AEBek Mexikorekin duten muga zehazten duten estatuetako bat. Hala, Drew B. Tipton da ikerketa abiatu duen epailea, Trumpek izendatua, eta Washingtoni eskatu dio zehazteko ea zenbat migratzaile geratu diren aske neurri berriaren bidez.

Bi aldeek bihar deklaratu beharko dute haren aurrean. Bien bitartean, neurriak hamalau egunez iraun dezake indarrean, eta beste horrenbestez luzatu, aurrez erabakirik hartzen ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.