Sophie Xeon DJ, abeslari eta ekoizlea zendu da

Nazioarteko musikari entzutetsuekin lan egin zuen, eta soinu berrien sustatzailea izan zen. 34 urte zituen.

Sophie, 'It's okay to cry' kantuaren bideoklipean. BERRIA
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 30a
17:31
Entzun

Haren ibilbidea errekonozitua eta goraipatua izan bada ere, Sophie Xeon (Glasgow, 1986 - Atenas, 2021), Sophie, itzalean jardun zen hainbat urtez. Madonna, Lady Gaga, Diplo, Charli XCX edota Vince Staplesekin kolaborazio arrakastatsuak egiten zituen bitartean, ez zen jendaurrean agertzen; fokuetatik kanpo aritzen zen. Duela hiru urte, azkenean, publikoan agertzea erabaki zuen, kritikaren aintzatespena jasoz. Bi disko eta single zein kolaborazio andana kaleratu zituen, eta haren musika pop sintetizatu, elektroniko eta esperimental gisa defini daiteke. Gaur goizaldean zendu da, 34 urte zituela, haren egungo bizilekuan, Atenasen.

Oso gazte zela hasi zen konposatzen, eta, kontatzen zuenez, ordu asko ematen zituen logelan sartuta, musika sortzen. Motherland izeneko taldean hasi zuen musikari ibilbidea, eta ondoren PC Music kolektibo eta diskoetxe ingelesarekin kolaboratzen hasi zen. Talde horrek musika proposamen berritzaile bat sustatu zuen, Interneteko kulturarekin lotutakoa, erritmo biziko kantuekin, sintetizadoreekin eta ahots distortsionatuekin. Haiek hasi ziren bultzatzen hyperpop musika ere, pop esperimentalaren azpigenero bat, elementu elektronikoen erabilera maximalistak bereizten duena.

Sophiek 2013an argitaratu zuen lehen singlea, Nothing More To Say, eta hurrengo bi urteetan beste hainbat single eman ondoren, 2015ean haren kantu arrakastatsuenen bilduma bat kaleratu zuen, Product. Hiru urte geroago, 2018an, iritsi zen haren lehen diskoa, eta bakarra: Oil Of Every Pearl’s Un-Insides. Disko horretako It's Okay To Cry abestiaren bideoklipean erakutsi zuen lehen aldiz bere aurpegia. Sophieren izaera transgeneroak zeharkatutako disko bat da, eta kritika espezializatuaren txaloa jaso zuen, besteak beste, «moldakortasun eta originaltasun handia» erakustegatik. Lan horrekin Grammy sarietarako izendatua izan zen, dance elektronikoko album onenaren kategorian.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=m_S0qCeA-pc[/youtube]

Pertzepzioak aldatu nahian

Trans komunitatearentzat ere erreferentea izan zen, musikaren bitartez bere errealitateari ikusgarritasuna emateagatik. El País egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, esan zuen transen esperientzia «tragedia» gisa erakustea «oso mugatua eta kaltegarria» dela, eta hark pertzepzio hori aldatzen saiatzeko konpromisoa zuela. Halaber, transen errealitateari buruzko istorio «askotarikoagoak» zabaldu behar direla adierazi zuen, ez daitezen «kasu isolatutzat» hartu.

Sophie «bat-bateko istripu» baten ondorioz hil da, Transgressive diskoetxeak ohar batean azaldu duenez. «Sophie azken hamarkadan eragin handiena izan duten artistetako bat izan da, soinu berrien aitzindaria. Ez bakarrik haren ekoizpen burutsuengatik eta haren sormenagatik, baita ere zabaltzen zuen mezuagatik eta lortu zuen ikusgarritasunagatik. Askapen ikono bat», adierazi du diskoetxeak. Musikari eta zale ugarik doluminak agertu, eta Sophiek egindako lana aitortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.