Myanmar

Myanmarko armadak estatu kolpea jo du, eta Aung San Suu Kyi liderra atzeman

Militarrek herrialdearen kontrola hartu dute, joan den azaroko hauteskundeetan «iruzurra» egin zutela argudiatuta. Aung San Suu Kyiren NDL alderdiak herritarrei eskatu die ez daitezela matxinatu. Telebista publikoaren bidez adierazi du armadak larrialdi egoera ezarri duela urtebeterako.

Suu Kyi, artxiboko irudi batean. MARTIN DIVISEK / EFE
Andoni Imaz.
2021eko otsailaren 1a
07:51
Entzun

Hamar urte ere ez dira Myanmar herrialdea diktadura militar batetik askatu zela demokraziaranzko bide bat hasteko, eta, bart gauaz geroztik, boterea militarren eskuetan da berriz ere. Armadak estatu kolpea eman du, eta atxilotu egin ditu Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria eta Win Myint presidentea, besteak beste. NDL Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko beste kide batzuk eta gizarte mugimendutako hainbat buruzagi ere atzeman dituzte. NDLk alde handiarekin irabazi zituen iazko azaroaren 8ko hauteskundeak. Sare sozialen bidez, herritarrei protesta egiteko eskatu diete, «diktaduraren itzulera» salatzeko.

Armadak Myint Swe jeneral ohia izendatu du behin-behineko presidente, orain arteko presidenteordea. Agintari nagusia, ordea, Min Aung Hlain komandanteburua izango da, armadaren telebista kateak zabaldu duenez.

Telefono eta Internet sareak eten dituzte Naypyidaw hiriburuan eta Yangonen erdigunean, eta telebista publikoaren emisioa ere bertan behera geratu da NLDko politikariak atxilotu eta gero. Myawaddy kate militarra soilik dago martxan, The Irrawaddy egunkariaren arabera. Militarren kate horren bidez adierazi dute azaroko hauteskundeetan «iruzurra» egin zutelako hartu dutela herrialdearen kontrola. Egun indarrean dagoen konstituzioko artikulu batean oinarritu dute estatu kolpea —konstituzio hori militarrek idatzi zuten, 2008an—: 417. artikuluak armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarko Batasunaren suntsitzea gerarazteko».

Banketxeak itxiarazi dituzte, eta ilara luzeak sortu dira kutxazainak erabiltzeko, Reuters berri agentziaren arabera. Egoera nahasia da, eta, agentzia horrek berak zabaldu duenez, herritarrak ere harrituta daude, eta datozen egunetan zer gertatuko den zalantzan: «Ez dakigu zer gertatzen ari den; beldur gara», adierazi diete batzuek.

Dena dela, militarrek herrialdearen kontrola hartzeko asmoa erakutsia zuten joan den astean bertan. Asteartean, Zaw Min Tun militarren bozeramaileak bozetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen, eta dagoeneko adierazi zuen boterea eskuratzeko helburua zutela. Estatu kolpearen gaineko zurrumurruek egunak zeramatzaten Myanmarko kaleetan.

Goizaldean atxilotu dituzte NLDko politikariak, gaur egin behar zuten-eta legealdiko lehenengo osoko bilkura Myanmarko Parlamentuan. Iazko azaroaren 8an egin zituzten hauteskundeak, eta Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdiak garaipen argia lortu zuen: 440 eserlekutik 258 eskuratu zituzten alderdiko ordezkariek, emaitza ofizialen arabera. Hauteskunde Batzordeak behin eta berriz adierazi du ez zela iruzurrik egin.

Militarrek 2011. urtean onartu zuten boterea banatzea, eta 2015ean hauteskunde historiko batzuk egin zituzten. Ia mende erdi batez agintean egon zen diktadura azkenetan zegoela, NLDk erregimenaren ondorengoen lekukoa hartu zuen. Iazkoak, beraz, herrialdearen aro berriko bigarren hauteskundeak izan ziren.

Myint Htwe Osasun ministroak adierazi du kargua utzi duela «egoeraren ondorioz». Bere kideei eskatu die herritarrak zaintzeko, bereziki COVID-19ari eta txertaketari dagokienez.

«Gure herrialdea hegan ikasten ari zen txori bat zen. Orain, armadak hegoak moztu dizkigu», salatu du Si Thu Tun ikasle aktibistak.

Nazioartearen salaketa

Nazioarteko komunitateak ere horixe salatu du: herrialdeak trantsizio demokratikoaren bidea hasi duenean kolpetik eten dutela prozesua. Etxe Zuria «asaldatu» egin du Myanmarko egoerak; AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak militarrei eskatu die askatzeko atxilotutako politikariak eta atxikitzeko balio demokratikoei, eta hori egin ezean «neurriak» hartuko dituztela ohartarazi dute. Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi du herrialdearen «trantsizio demokratikoa hondatzen» ari direla.

Indiako, Japoniako, Turkiako eta Txinako gobernuek ere legea betetzeko eta auziaren irtenbidea «modu baketsuan» eztabaidatzeko eskatu diote armadari. Irango Atzerri Ministerioak ere kezka adierazi du: «XXI. mendea ez da horrelakoak egiteko garai egokia».

Europako Batasunak «irmo» gaitzetsi du militarren estatu kolpea. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak adierazi du atxiloketak legez kanpokoak izan direla, eta atxilotu guztiak aske uzteko eskatu du. Antzeko mezu bat zabaldu du Twitterren Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak.

Rohingyen aurkako sarraskia

Aung San Suu Kyi (Yangon, 1945) Myanmarko diktadura militarraren kontrako sinbolo bat da. Horregatik eman zioten 1991. urtean Bakearen Nobel saria: «Kontzientzia demokratikoa pizteko eta giza eskubideak defenditzeko egindako lanagatik». Beste zenbait sari ere jaso izan ditu. Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta 80ko hamarkadaren amaieran itzuli zen Myanmarrera. Demokraziaren aldeko mugimendu baketsuetan hartu zuen parte, NLD alderdiaren barruan.

1990eko hauteskundeetan, NLDk botoen %59 lortu zituzten. Aung San Suu Kyi lehen ministro izatekotan zela, armadak baliorik gabe utzi zituen bozak, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten NLDko buruzagiari. 21 urtean, ia hamabost egin zituen etxetik atera gabe. Urte horietan, zenbait diplomazialarirekin elkartu zen.

2015az geroztik, Estatu kontseilaria izan da. Haren agintaldia ilunduta gelditu da, hala ere, rohingyen kontrako genozidio salaketengatik. 2017an, etnia horretako herritarren kontrako errepresio kanpaina bat abiatu zuen Myanmarko armadak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 25.000 hildako eta 725.000 desplazatu eragin zituen operazioak —gehienek Bangladeshera egin zuten ihes, eta miserian bizi dira han—. «Garbiketa etnikoa» egitea ere leporatu zioten. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Myanmarren kontrako epaiketa hasi zuen iaz genozidioagatik, eta Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna ari da estatuaren defentsa zuzentzen. Iazko bozetan ere baztertuta egon zen gutxiengo musulmana diren etnia hori, eta ukatu egin zieten boto eskubidea, 2015. urtekoetan bezala.

Bangladeshen dauden rohingya errefuxiatuek ere gaitzetsi dute gaurko estatu kolpea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.