Pere Aragones

«Denok dakigu independentzia lortzearen aldekoagoa den indar korrelazio bat behar dugula»

Pere Aragonesen esanetan, ERCk «garaipena» eskuratu nahi du otsailaren 14ko bozetan. Uste du bat egitea beharrezkoa den une batean dagoela independentismoa.

Pere Aragones, kanpainako ekitaldi batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
'Vilaweb'
2021eko otsailaren 3a
14:08
Entzun

Pere Aragones (Pineda de Mar, Herrialde Katalanak, 1982) ERCren hautagaia da Generalitateko presidentetza lortzeko. Gizon metodikoa eta ordenatua, Aragones presidenteorde izan da legealdi aztoragarri batean: COVID-19aren pandemia, Espainiako Estatuaren errepresioa, gorantz doan krisi ekonomiko bat eta gobernuko bi kide indenpendentisten arteko tentsioak. ERCk Bartzelonan duen egoitzan eginiko elkarrizketa honetan, Aragonesek Junts Per Catalunyarekin dituzten adostasunei erreparatzen die, desadostasunei baino gehiago, eta, era berean, azken urteetan ERCk izaniko estrategia defendatzen du: erreferendum adostua, Comukoei begira oinarriak zabaltzea eta kudeaketa. Vilaweb-eko Assumpcio Maresma eta Andreu Barnils kazetariek eginiko elkarrizketa laburtuta euskaratu du BERRIAk.

38 urte dituzu. 22 egin dituzu ERCn, hamasei zenituenean sartu baitzinen. Curriculum horren aldeko puntuak?

Gauza bat sistemara modatzen den mugimendu edo indar politiko bat, eta beste bat ERC, edo beste indar batzuk, zeinak konpromiso bat dugun Kataluniako independentziarekin. Gehiago da aktibismo mota bat politika instituzionala baino. Muralak egin eta kartelak jartzen genituenean, ez nuen imajinatzen Ekonomia kontseilari izango nintzenik azkenean. Ez zegoen nire planetan. 

Oriol Junquerasen seme politikoa zara. Zerk ezberdintzen zaituzte?

Oriol barrokoagoa da. Politikarako sen berezi bat du. Sormen handia du, eta zentzua duen desorden puntu bat ere bai. Niri metodikoagoa izatea gustatzen zait. Ordenatua. 

Junquerasek, lider gisa, fideltasun handia eskatzen du?

Ez dut halako presiorik sentitu. Egoerengatik, edo normalean gure iritziak bat datozelako.

Bateratzailea eta saiatua zarela diote.

Eutsi egiten dut, bai. Amaierara arte. Gainera, uste dut gure herrialdea oso txikia dela hainbeste desadostasun izateko. Garrantzitsua da kontsentsuak lortzea. Uste dut ez dagoela inor sobran independentzia lortzeko bidean. Jendea batu behar dugu. Gaur, independentziaren aurkako jendea dago, edo parte hartzen ez duena. Horiek etorkizuneko independentistak dira. 

Pandemiaren kudeaketara igaro gaitezen. Katalunian, 19.000 hildako. Autokritikarik?

Niretzat, oso mingarriak izan dira ospitale eta zahar etxeetan babeserako elementuak falta izan diren uneak. Norbaitek dena ongi egin duela esaten badu, ez dut sinestuko. Agerikoa da badirela gaizki eginiko gauzak. Bizkorrago jardun behar genuen, arlo gehiagotan. Garrantzitsua ikastea da. Egun, egoitzak blindatuta dauzkagu osasungintza alorrean, eta osasun langile guztiek beharrezko materialak dituzte.

Espainiako justiziak Torra presidentea eroriarazi zuenean, ERCk eta Juntsek ordezko bat aukeratu zezaketen. Zergatik ez zenuten bilatu? Zenbateraino da hauteskundeen data berria Espainiak eragindako itomenaren ondorio, eta zenbateraino katalanen gaitasunik eza?

Niretzat, ezinbestekoa zen Torra presidentearen inhabilitazioari leialtasun osoz aurre egitea. Eta presidenteak eskatu zigun hautagai berririk ez aurkezteko. Ezin genuen beste ezer egin. Modu bakarra inhabilitazioa iritsi aurretik hauteskundeak egitea zen, baina ez zen nahi izan.  

Zergatik nahi duzue Juntsekin itun bat lortu, ez baduzue elkar ulertzen?

Hemen, azken finean, uste dut gehiago dela erretorika kontu bat, desadostasun estrategiko bat baino. Denok dakigu independentzia lortzearen aldekoagoa den indar korrelazio bat behar dugula. Beste kontu bat da erretorika ezberdina izatea. Gaur bertan, Juntsen lehentasunak ikusi ditut, eta esaten du lehentasunazkoa dela erreferendum lotesle eta adostu bat. ERCk aspaldian defendatu duena da. Junts-ekin ez dugu hainbeste desadostasun. CUPekin ere lehen baino puntu gehiagotan egiten dugu bat.

Azkenik, independentistak ez direnak ere gehitu behar ditugu, eta lortu horiek ez ikustea independentzia euren aurkakotzat. Lortu behar dugu euren buruak gure proposamenekin bat egitera bultzatzea. Amnistia eta autodeterminazioa dira horiek; barruan hartzen dituzte PDCATetik Comukoetara bitarte daudenak. 

Jessica Albiach Comukoen hautagaiak dio erreferenduma ez dela premiazkoa. Eta amnistiaz baino gehiago, indultuez hitz egiten du. Ez da norbere burua engainatzea Comukoak 2015eko berdinak direla pentsatzea? 

Comukoen kontraesanak kudeatzeko modu hori independentistok duela hogei urte erabili izan bagenu, euren alderdia independentista izan gabe gurekin bat egin nahi zuten Convergenciako kide independentistek zituzten kontraesanekin, mugimenduarekin bat egitea ukatuko genieke. Ez dut halakorik egingo. Aurrean estatu bat dugu. Oso boteretsua den estatu bat. Ez da soilik estutzeko duen gaitasuna (ekonomikoki, mediatikoki eta internazionalki), baita Kataluniako herritarrengan duen indarra ere. Kataluniako herritarren zati garrantzitsu batek ez du bat egiten independentzia prozesuarekin. Hori kudeatzen jakin behar dugu. Eta horietako gehiago batu kausara. Batzuk urriaren 3an han izan ziren. Pinedan, Espainiako Polizia bi hoteletan egon zen lekuan, bi pertsona zeuden Espainiako banderekin protestan.

Beraz, egoera tenkatzeak funtzionatzen du.

Egoeraren arabera. Erabakitze eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen alde egiteak, bai. Prozesu honetan, konfrontazio bat, estatuarekiko gatazka bat taktikoki eraginkorra den uneak daude, eta indarrak batzeko beste une batzuk. Biak txandakatzea da gakoa. Bat egiteko beharra dugun une batean gaude, bi ideia nagusitan: autodeterminazio eskubidea eta amnistia.

Estatuarekiko konfrontazio eta distentsio uneak egongo dira. Kontu taktikoak dira. 2017an utzi genuen lana amaitzeko, 2017ko urrian izandakoak baino baldintza hobeak behar ditugu. 

Madrilen, PSOEk argitara atera zuen ERCrekin adostutako akordioen %0 bete zuela zioen dokumentu bat. Zerk huts egin du?

Hemen negoziazio mahai bat dago, eta pauso oso garrantzitsua da hori. Lehen aldiz, estatuak gatazka politiko bat dagoela onartu du, eta hura elkarrizketaren bidez konpondu behar dela.

Hau autokritika bat izan daiteke: ez genuen aukera hori pasatzen utzi behar. Baina denok ez gentozen bat mahaia garrantzitsua zela. Agian, ERC ez da gai izan mahai horrek independentzia defendatzeko zuen garrantzia estrategikoa gainerako independentistekin partekatzeko.

Hori, edo adarra jo digutela elkarrizketa mahaiarekin. Europako funtsekin gertatu den bezala. PSOEk ez du agindutako ezer betetzen. 

Izatez, elkarrizketa eta negoziazio mahai bat da. Eta hitz bakoitzak garrantzia du. Hitz batzuekin egunak igaro genituen. Garrantzitsua da ea zer egiten dugun ditugun aukerekin. Eta ea zein diren alternatibak.

Ez duzu adarra jo izanaren sentsaziorik mahai horrekin?

Mahaia ezin izan da martxan jarri, eta independentismoaren batasun estrategiko baten falta estatuak aprobetxatu du. Ez biltzeko aitzakia ezin hobea. Jar zaitezte ados, esaten digute. Noski, bere burua behartua ikustean soilik eseriko da estatua mahaian. Izan barne baldintzengatik, gure kasuan bezala, ERCren indarra aprobetxatuta, [Madrilen] gobernu berri bat eratzeko, edo izan mobilizazioen bidez. 2019ko urrian, mobilizazioen maila ikaragarria zen. Kontua da legealdiari amaiera 2020an emateak zaildu egin duela estrategia bateratu bat izatea. Horregatik, hauteskundeak ezinbestekoak dira, estrategia definitu dezakeen parlamentu bat izateko. 

Abstentzioak legitimotasuna kendu diezaioke hauteskundeen emaitzari?

Lan egingo dugu ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan. Guk ez diogu legitimotasunik kenduko bozen emaitzari. Zailtasun guztien gainetik, izan nahi dugu. Garaipena lortu nahi dugu. 

Elkarrizketa osoa, katalanez, Vilaweb-en webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.