Poliziaren indarkeria

Urkulluk barkamena eskatu die CCOOri eta Ertzaintzak zauritutako ordezkari sindikalari

Esan du Ertzaintzak neurriz jokatu zuela eta "zorigaiztoko gertaera" hori pertsona bakar bati dagokiola, "ertzain bati". Lehendakariak koronabirusarekin lotu du gertatutakoa, "tentsio handiko uneak" direla argudiatuz.

ENPRESAGINTZA. KALERATZEAK. MOBILIZAZIOA. ITP Castingseko langileen protesta Barakaldon. Ertzaintza ITP Castingseko langileak kanporatzen. CCOO
2021eko otsailaren 3a
14:56
Entzun

IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu du joan den astelehenean Barakaldon (Bizkaia) gertatutakoagatik. ITP Castings (garai bateko PCB) enpresaren kaleratzeengatik protestan ari ziren langileei oldartu zitzaien Ertzaintza, eta CCOOko ordezkari sindikal bati sudurra hautsi zioten borra batekin. Urkulluk barkamena eskatu die CCOOri eta Ertzaintzak jo zuen sindikatu horretako ordezkariari.

Urkulluk esan du "zorigaiztoko gertaera bat" izan zela hura, eta Ertzaintzaren jokaera defendatu du: esan du proportzioan jokatu zutela ertzainek, eta jokaera desegokia "pertsona bati, ertzain bati" dagokiola. Gaineratu du Ertzaintzak parte hartzen duen guztietan jokatzen duela neurrian.

[YouTube]https://youtu.be/dMEhRZSPd2s[/YouTube]

Istiluak astelehenean gertatu ziren. Hilabeteetako greba eta negoziazioen ondotik, iragarritako kaleratzeak gauzatu zituen ITP Aero Castings enpresak, Sestaon eta Barakaldon dituen fabriketako 83 behargin kaleratuz.

Egoera salatzeko, giza harresi bat egin zuten langileek goizean, Barakaldoko lantegiaren aurrean. Langileak lurrean eseri ziren, protesta gisara, baina Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak piztu ziren orduan. Istilu horietan, hainbat lagun zauritu ziren, langile batzordearen arabera. Sudurra hautsi zioten CCOO sindikatuko industria arloko arduradunari, Javi Gomezi.

Gomezek gaur BERRIAn azaldu duenez, borrakada ez zen tentsio une batean gertatu. Ertzain bati bere jarreragatik galdetu ondoren jo zuten. Lehenengo barrabiletan jo zuten, eta sudurrean gero. "Bortitza da. Aberrazio hutsa. Burua okertu izan banu, beste nonbait joko ninduen, eta ziur ondorioak larriagoak izango zirela".

"Koronabirusaren eragina"

Urkulluk gaur esan du "tentsio handiko uneak" direla hauek, eta adierazi du "koronabirusak maila guztietan, baita lan arloan ere, duen eraginagatik, horrelako zorigaiztoko gertaerak izaten direla". Esan du Gomez jo zuen ertzainari ikerketa bat ireki diola Ertzaintzak, "polizia demokratiko bat den heinean, dagokion bezala".

Jakinarazi du Espainiako CCOO sindikatuko idazkari nagusiari ere eskatu diola barkamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.