ITP Aero Castingsek eta Aernnovak kaleratzeak gauzatu dituzte

Sestaoko eta Barakaldoko lantegietan 83 langile kaleratu dituzte, eta Berantevillan, 82. Ertzaintzaren eta protestan ari zirenen arteko istiluek hainbat zauritu eragin dituzte

Istiluak. Ertzaintzak indarrez desegin zuen ITP Castingseko langileen eserialdia, Barakaldon. CCOO.
aitor biain
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Egun garratza izan zuten atzo Arabako eta Bizkaiko hegazkingintza sektorean; hilabeteetako greba eta negoziazioen ondotik, iragarritako kaleratzeak gauzatu baitzituzten ITP Aero Castings (garai bateko PCB) eta Aernnova enpresek. Aurrenak Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) dituen fabriketako 83 behargin kaleratu ditu, eta bigarrenak, Berantevillako plantako 82 (Araba).

Egoera salatzeko, giza harresi bat egin zuten atzo goizean Barakaldoko lantegiaren aurrean. Langileak lurrean eseri ziren, protesta gisara, baina Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak piztu ziren orduan. Istilu horietan hainbat lagun zauritu ziren, langile batzordearen arabera. Esaterako, sudurra hautsi zioten CCOO sindikatuko industria arloko arduradunari, Javi Gomezi.

[youtube]https://youtu.be/dMEhRZSPd2s[/youtube]

Langile batzordeak eta sindikatuek Ertzaintzaren jarrera «bortitza» salatu dute, eta azalpenak eskatu dizkiote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. CCOOk auzitegietara joko du gertatutakoa salatzeko, gainera. Segurtasun Sailak iragarri du, hain zuzen, Ertzaintzak barne ikerketa bat abiarazi duela gertatutakoa ikertzeko.

Hasieran, 136 behargin kaleratzea zuen asmoa ITP Aero Castingseko zuzendaritzak, baina langile batzordeak ez zuen onartu, eta, azkenean, enplegu erregulazioaren negoziazioan akordiorik lortu gabe etorri dira 83 kaleratzeak. «Tamalgarria da, egoera hau saihesteko alternatibak egonda, enpresak 83 familiari kalte tragikoa egiten dien irtenbidea aukeratzea», esan zuen Oihana Guenaga batzordeko kideak.

Beste zazpi langileren kasuak ere mahai gainean ditu zuzendaritzak, eta horiek kaleratu edo ez erabakitzeko martxoaren 31 arteko epea dauka, batzordearen arabera. Langileen ordezkariek azpimarratu dute, halere, krisia aldi baterako dela, eta gogorarazi dute hori bera berretsi duela Lan Ikuskaritzak joan den astean argitaratutako txostenean ere. Txostenak dio krisia behin-behinekoa dela, ez dagoela kaleratzeak justifikatzeko arrazoirik, eta aldi baterako lan erregulazioa nahikoa izan daitekeela egoerari aurre egiteko.

Hori horrela, batzordeak bilera bat eskatu dio zuzendaritzari, asteazkenerako, konponbidea negoziazioa dela sinetsita: «Elkarrizketan sinesten dugu», adierazi zuen Guenagak. «Konfrontazioa eragotzi behar dugu, eta lanpostuak eta enpresaren etorkizuna bermatuko dituzten topaguneak prestatu». Abenduaren 23az geroztik ez dute hitz egin.

Langileen ordezkariek auzitara eraman dute lan erregulazioa, eta hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan, grebak barne. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza ere eskatu zuten, baina ostiralean egitekoa zuten bilkura bertan behera utzi zuen Ekonomiaren Garapeneko Sailak, lantegien sarreratan piketeek egindako «ekintza biolentoengatik eta mehatxuengatik». Bada, batzordeak «erantzukizun falta» egotzi dio Arantxa Tapia sailburuari.

Kaleratze gutunak erre

Aernnovak ere atzo gauzatu zituen iragarritako 82 beharginen kaleratzeak: 55 dira zuzenean kaleratutakoak, eta 27 erretiratuak edo hitzartutakoak. Langileek protesta egin zuten goizean, Gasteizen, egoera salatzeko. Kaleratzeen abisuak erre zituzten beharginek, eta azpimarratu zuten bestelako bideak badaudela krisiari aurre egin ahal izateko: aldi baterako erregulazioak, lanordu banaketak edo soldata murrizketak, esaterako. Kaleratu dituzten beharginek eskerrak eman zizkieten egun hauetan babesa adierazi dieten herritar eta lankideei, eta borrokan jarraituko dutela gehitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.