Bertsolaritza

Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira Iruñeko Bertso Egunean

Gaiarre antzokian egingo dute jaialdia hilaren 13an, 18:00etan hasita. 'Online' ere emango dute saioa.

Miren Amuriza ariko da Bertso Egunean. ARITZLOIOLA / FOKU
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 3a
17:35
Entzun

Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai jartzailea elkartuko dira 2021eko lehen Bertso Egunean. Iruñeko Gaiarre antzokian izango da bertso saioa, hilaren 13an, larunbatez, 18:00etan hasita. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.

Aurten, baten ordez, hiru Bertso Egun antolatu nahi zituen Bertsozale Elkarteak. Aurrenekoa Hazparnen egitekoa zen, urtarrilaren 30ean, baina pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, maiatzaren 7ra atzeratzea erabaki zuten azkenean. Bigarren Bertso Eguna Iruñekoa izango da, eta hirugarrena, berriz, Getarian (Gipuzkoa) egingo dute, martxoaren 27an.

Protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bestek zeresana izango dute Iruñeko Bertso Egunean: «Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea», iragarri du Saioa Alkaizak, zeina aurrelanean aritu da.

Antzokirako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskura, 12 euroren truke; 9 euroan izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek. Aretora joan gabe, Internetez zuzenean ikusi nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako ere sarrera hartu behar da, baina www.bertsosarrerak.eusatarian: 5 euroan eskuratu ahal izango dira sarrerok, eta 3 euroan izango dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, argibideak bidaliko zaizkie zaleei, Internetez nola ikusi azaltzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.