Arte eszenikoak

dFeriak 28 konpainiaren lanak erakutsiko ditu

Etorkizunaren ideia ardatz hartuta, martxoaren 15etik 18ra egingo dute XXVII. arte eszenikoen azoka, Donostian. 41 emanaldi programatu dituzte, eta dantza piezak izango dira nagusi.

Jaialdiaren antolatzaileak eta babestu duten hainbat erakundetako ordezkariak, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko otsailaren 3a
17:53
Entzun

Pandemia garaiotan, aurrera begirako aurreikuspenak, galderak, kezkak eta zalantzak nagusitu direlakoan, dFeria jaialdiak etorkizunaren ideia hartu du aurtengo aldia ardazteko kontzeptutzat. Urte zaila izan du arte eszenikoen sektoreak, eta, hain zuzen, hari «arnasa eta energia» eskaintzera dator XXVII. dFeria, antolatzaileek adierazi dutenez. Martxoaren 15etik 18ra egingo dute Donostiako arte eszenikoen azoka, zuzeneko emanaldiekin batera profesionalei begirako topaketak, bilerak eta bestelako jarduerak ere hartuko dituena. Horiei guztiei begira, pandemiari lotutako segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela ere ziurtatu dute antolatzaileek. «Haren kalitateagatik eta edukiengatik, feria garrantzitsua izango dugu aurten. Azoka minimalista izango da, esentziara joango delako zuzenean», adierazi du Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Donostiako Udaleko eta azoka sustatu duten beste hainbat erakundetako ordezkariak izan ditu alboan egitarauaren aurkezpenean.

Guztira, 28 konpainiak askotariko 28 obra aurkeztuko dituzte, 41 emanalditan. Hamarretik sei (%64) era bateko edo besteko estreinaldiak izango dira —bost obra lehen aldiz erakutsiko dira mundu osoan, eta beste hamahiru lehen aldiz Euskal Herrian—. Diziplinei dagokienean, programatutakoen erdiak dantza piezak dira; %39, antzezlanak, eta %11, berriz, hainbat diziplina nahasten dituztenak. Hainbat euskal konpainiaren izenak ageri dira egitarauan, eta, aurtengo egoeraren ondorioz nazioartekoak gutxiago badira ere, Argentina, Senegal, Portugal eta Errusiako hainbat artistaren lanak ere izango dira, besteak beste.

Ohiko agertokiak hartuko ditu jaialdiak: Viktoria Eugenia antzokia, Antzoki Zaharra, Tabakalera, San Telmo museoa eta Gazteszena, Lugaritz eta Intxaurrondoko kultur etxeak. Jaialdiaren atariko gisa, aurreko asteburuan Viktoria Eugenia antzokian egingo diren bi antzezlanen emanaldiak ere sartu dituzte egitarauan: Juan Diego Bottoren Una noche sin luna (martxoaren 12an) eta Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzitako Ama Kuraia (martxoaren 14an) obrenak, hain zuzen ere.

Dantza

Dantza piezek hartzen dute egitarauaren erdia. Eta, horien artean, erdia inguru dira euskal konpainiek taularatuko dituztenak, besteak beste, J-aho! II. Quién está loco, ¿tú o yo? (Amaiur Luluaga), Lathe Biosas (Kanpai konpainia), No Pleasure (Iker Karrera), Dead (Lasala konpainia) eta Hnuy illa (Kukai Dantza eta Tanttaka Teatroa). Euskal Herrian lehen aldiz emango du Iratxe Ansak Al desnudo, Igor Bacovichekin osatutako Metamorphosis Dance bikotearen lan berria. Beste hiru euskal dantzarik Eszena Dantz izenburupean bilduta erakutsiko dituzte beren piezak: Out Amaia Elizaranek, Gorpuztu laburra Eva Guerrerok eta Emakumeak Nodek.

Beste lau dantza pieza ere batera emango dituzte, Burgos-New York-CICBUNY Nazioarteko Koreografia Lehiaketan saritutakoak laurak ere: Nodo (Camille Granet); Black (Yao Dapre Georges Nicol); Jeman (Ildar Tagirov); eta Space (Frantics Dance Company). Horiekin batera, dantza ikuskizun gehiago ere izango dira jaialdian, tartean, Ana Moralesen En la cuerda floja, eta Artistas Inflamables konpainiaren Solos extremos (la mujer también en casa, de lo alto de altos edificios).

Antzerkia

Askotariko gai eta estilotako lanak ikusi ahal izango dira antzerkiari dagokionean ere. Jaialdiaren bezperako egunean, esan bezala, Ama Kuraia Arriaga antzokiaren ekoizpena euskarazko bertsioan emango dute, eta hurrengo egunean, berriz, gaztelerazkoan, Madre Coraje izenburupean. Gaztelerazko lanak edo bertsioak nagusi izango dira gainerakoan ere.

Azokaren lehen egunean, Morfeo Teatroak Viento para un jardinero en el jardín de las fieras obra lehen aldiz emango du Euskal Herrian. Hurrengo egunean aurkeztuko dituzte Un viaje a América Tanttaka Teatroak, Seda Hika Teatroak, Elektra.25 Atalaya taldeak, zein Napoleón o el complejo de épico Portugalgo Companhia do Chapitok. Lan horietako batzuk berriro ikusteko aukera egongo da hurrengo egunean, baina La Estampida taldearen La cresta de la ola obraren emanaldia izango da jaialdiaren hirugarren eguneko berritasun nagusia.

Azken egunerako, Golfa (Primera Toma-Cremilo) eta Siveria (K Producciones) obren emanaldi bana programatu du jaialdiak.

Diziplina anitzeko lanak

Hainbat diziplina uztartu dituzte beste hainbat sortzailek beren lanetan. Led Silhouette konpainia nafarrak musika, dantza, eskultura eta testua batu ditu Cóncavo Convexo obran, espazioaren eta gorputzaren arteko harremanez eta hutsaz gogoeta egiteko. Elefante Elegante konpainiak, aldiz, antzerkia, dantza eta musika izan ditu osagai nagusi Dreaming Juliet ikuskizuna ontzeko. Eta diziplinen arteko mugak lausotuta osatu du, halaber, Swimming Pools obra Sleepwalk Collectivek.

dFeriaren webgunean dago aurtengo egitarau osoa; bertan eskuratu daitezke sarrerak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.