Kataluniako hauteskundeak

Espainiako Kongresuak onartu du bozen ostean elkarrizketa mahaiari berrekitea

ERCren proposamenari baiezkoa eman diote PSOEk eta UPk. CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, bost punturen aldea dago ERCren eta JxCen artean, eta Salvador Illa PSCko hautagaiak irabaziko ditu hauteskundeak.

Salvador Illa PSCko hautagaia, atzo, hauteskundeetako ekitaldi batean. MARTA PEREZ, EFE
2021eko otsailaren 4a
12:31
Entzun

Kataluniako Gobernua eta Espainiakoa elkarrizketa mahaian eseriko dira berriz, Kataluniako hauteskundeen ostean. Hori onartu du gaur Espainiako Kongresuak; ERCrena izan da proposamena, eta baiezkoa eman diote PSOEk eta Unidas Podemosek —asteartean aurreratu zuten euren erabakia—. Hamar egun eskas falta dira Kataluniako bozetarako, eta ikusteke dago nola egongo den osatuta Madrilekin mahaian eseriko den gobernua.

ERCren proposamena ez dute babestu Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten gainerako talde kataluniar subiranistek: JxCk, PDeCATek eta CUPek. Laura Borras JxCren hautagaiak, adibidez, elkarrizketa mahaia «marketin operazio soil bat» dela adierazi du. Proposamena, ordea, arazorik gabe onartu dute, besteak beste, EAJren, EH Bilduren eta BNGren aldeko botoekin: 187 boto izan ditu alde, 155 aurka eta 8 abstenitu egin dira.

Dena den, mahaiarekiko lehen zuten jarrera dute oraindik ere PSOEk eta ERCk. Sozialistak «edozertaz hitz egiteko prest» agertu dira, baina betiere «konstituzioaren markoaren barruan». ERCk, berriz, espetxeratutako buruzagi subiranistei amnistia osoa ematea nahi du, baita «autodeterminazio eskubidearen aldeko pausoak» ematea ere. Salvador Illa PSCren hautagaiak ere elkarrizketa mahaiari berrekitearen alde hitz egin du.

ERCk bost puntu JxCri

Bestalde, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak Kataluniako hauteskundeei buruzko inkesta bat argitaratu du gaur, eta PSCri eman dio garaipena, botoen %23,7 irabaziko dituela esanda. Bigarren ERC dago CISen arabera, ia hiru puntu gutxiagorekin: %19,9. Junts hurbildu egingo zaie errepublikanoei, baina oraindik bost puntu eta erdira egongo da gaur argitaratu den inkestaren arbera: botoen %14,5 ematen dizkio. CUP eta PDeCATen botoak gehituta, alderdi abertzaleak botoen %43ra iritsiko dira gaur emandako datuen arabera.

CUPek %6,9 eskuratuko ditu, eta PDeCAT ordezkaririk gabe geratuko da, ez delako iritsiko gutxienekora parlamentuan; CISek %1,5 esleitu dizkio inkesta honetan. PNC ere ez da iritsiko gutxieneko hori gainditzera, botoen %0,2ekin. Eserleku banaketaren eragiketa ere egin du CISek, eta horren arabera, alderdi independentistak kasurik onenean ere ez lirateke iritsiko.

En Comu Podemek, berriz, botoen %8,9 izango ditu, eta Ciutadansen aurretik egongo da. Azken horrek botoen %7,9 eskuratuko ditu, eta PP botoen %5,8rekin geratuko da.

Hauek dira CISek emandako datuak:

PSC: %23,7.
ERC: %19,9.
JxC: %14,5 (13-18).
En Comu Podem: %8,9.
Cs: %7,9.
VOX: %6,9.
CUP: %6,8.
PP: %5,8.
PDeCAT: %1,5.<br />PNC: %0,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.