Jon Alonsori eman diote prentsa idatziko Argia saria

Naparra. Kasu irekia ikerketa liburua idazteagatik saritu dute.

Jon Alonso, Argia sarietako prentsa idatziko irabazlea. ARGIA
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 5a
10:46
Entzun

Jon Alonsori eman diote prentsa idatziko aurtengo Argia saria, Naparra. Kasu irekia ikerketa liburuagatik. 2020an 40 urte bete ziren Joxe Migel Etxeberria Naparra desagerrarazi zutela, eta oraindik ere haren arrastorik ez dute topatu senideek.

Argia sarien arduradunek nabarmendu dutenez, asko idatzi da prentsan Naparrari buruz, baina ez behar beste. “Lau hamarkadatan denetariko uneak izan dira Naparra auzian, batzuetan asko hitz egin da, gehienetan gutxi. Hedabide batzuek maiz jarraitu dute; gehienek eta handienek, nekez”. Desagerketak utzitako lorratza azpimarratu dute, eta gogorarazi auziaren muinak argitzeke jarraitzen duela. “Naparraren gorpuzkiak ez dira oraindik agertu, eta haren familiak sufritzen jarraitzen du”. Hala dio Alonsok, liburuaren idazleak: “Naparra kasua, bahitu eta hil zuten militante baten kasua ez ezik, gupidagabe torturatu, jipoitu, hankapetu eta zigortu duten haren familiaren kasua ere badelako”.

Argia-koen arabera, Alonsok ondutako liburuak auziaz ezagutzen den guztia bildu du, eta, aurrerantzean, kasuaz jakin edo ikertu nahi duenarentzat “ezinbesteko erreferentzia” izango da. “Naparra auziaz gain, kasua erditu zuen garaiaren hamaika zertzelada ere biltzen ditu, 1980ko hamarkada hobeto ulertzen lagunduz. Halaber, ez dio ihes egin auziak izandako etengabeko ika-mikari”. Nahiz eta auzia argitu ez, garrantzitsuenetakoa egin duela nabarmendu dute arduradunek: “Ahanzturaren zingiran usteltzen ez utzi, irakurlea auzi korapilatsuaren harian ongi eta argi eramanez”. Horiek izan dira, hain justu, Alonsoren lana saritzeko arrazoiak.

Irabazleak eskerrak eman dizkio aldizkariari, eta adierazi harentzat sari hori jasotzea “harro” egoteko motibo bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.