Musika

Gasteizko 44. Jazzaldia uztailaren 15etik 18ra egingo dute

«Unean uneko osasun baldintzetara» egokituko dute jaialdia. Igandean ezagutaraziko dute nork jasoko duen Letter One Rising Stars saria, eta irabazlea Gasteizen izango da.

Omara Portuondo kubatarra, Gasteizko 43. Jazzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 5a
16:23
Entzun

Gasteizko Jazzaldiak badu data: uztailaren 15etik 18ra izango da jaialdiaren 44. aldia. Iaz osasun egoerearen ondorioz atzeratu behar izan zuten, eta, ondorioz, antolatzaileek ohar bidez adierazi dute «ilusioz» daudela aurten Gasteizen «jazzik onenaren lagin bat» eskaintzeko aukera izateagatik.

Festibalaren formatua, halere, «unean uneko osasun baldintzetara» egokituko dutela azaldu dute: «Pandemiaren bilakaeraren eta osasun agintarien jarraibideen zain gaude». Jaialdiaren egunetatik harago, ez dute ia besterik ezagutarazi.

Ez dute zehaztu zer kontzertu izango diren, baina bai Letter One Rising Stars saria irabazten duen musikariak Jazzaldian parte hartuko duela. Sari horrek, hain zuzen, nabarmentzen ari den musikari bati aukera ematen dio nazioarteko hainbat agertoki entzutetsutan jotzeko, jazzaldietan; besteak beste, Gasteizkoan. Igande honetan jakinaraziko dute nor den aurtengo saritua, eta, hark ez ezik, iazko irabazleak ere joko du Gasteizen, Kathrine Windfeld piano jotzaile eta konpositore daniarrak, iaz bertan behera gelditu baitzen haren emanaldia.

Iazkoa, formatu txikian

Iaz, «azkeneraino» saiatu ondoren, jaialdia ez egitea erabaki zuten antolatzaileek. Uztailaren 13tik 18ra bitarte zen egitekoa, baina bertan behera utzi zuten azkenean, osasun larrialdiak baldintzatuta. Emanaldi batzuk iragarriak zituzten ordurako: besteak beste, Branford Marsalis, The Charlie Parker Legacy Band, Anne Paceo eta Antonio Sanchez ziren Gasteizen aritzekoak. Horren ordez, zortzi kontzertuko ziklo bat egin zuten, uztail erdialdean, The Garage Club aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.