Eremu gorrian dauden ostatuak zabaldu ahalko dira

EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du ostalariek jarritako helegitea, auziaren muina aztertu eta behin betiko erabakia hartu artean. Iazko abuztuan ere aintzat hartu zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien helegitea.  

Ostalariak elkarretaratzea egiten ari dira, Bilbon, auzitegiaren aurrean. LUIS TEJIDO/EFE
aitor biain
2021eko otsailaren 9a
11:33
Entzun

Eremu gorrian dauden udalerrietako ostatuek zabaltzeko baimena izango dute aurrerantzean. Hala erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak, ostalarien elkarteek jarritako helegite baten ondorioz.

Berriz irekitzeko aukera ezarri arren, Jaurlaritzak onartutako dekretua indarrean dago oraindik; beraz, hainbat neurri bete beharko dituzte: hala nola 20:00etan ixtea, edukiera erdira murriztea, mahaietan eseritako pertsonen arteko distantziak bermatzea, mahai bakoitzeko lau pertsona esertzea, eta barran ezin kontsumitzea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek aurreko astean jarri zuten Jaurlaritzaren aginduaren aurkako helegitea, iritzita «neurrigabea» dela eremu gorrian dauden udalerrietako ostatuak ixteko agindua. Eta salatu zuten azken asteetan izan diren kutsatzeen jatorria ez dagoela tabernetan, Eguberrietako topaketen ondorio direla baizik. Hori salatzeko, auzitara jo zuten, eta eskatu dute behin betiko erabakia hartu bitartean agindua bertan behera uzteko. 

Bada, EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertu du auzia, eta erabaki du ostalariek eskatutako behin-behineko neurriak onartzea. Auzitegiak arrazoitu du egungo baldintzetan ostalaritza irekitzea ez dela «arriskutsua» osasun publikoarentzat. Izan ere, uste du azken asteetan izan diren kutsatzeen areagotzeak ez duela zerikusirik tabernak eta jatetxeak zabalik egotearekin.

Ebazpenak, batez ere, kutsatzeak eragozteko hartutako neurrietan egiten du azpimarra, eta esaten du Osasun Sailaren txosten baten arabera «intzidentziarik apalena» abenduaren 27an izan zela, eta orduan hasi zela gora egiten. «Ordurako, ordea, ostalaritzak hamabost egun zeramatzan irekita, muga handiekin. Ez da oso aldi luzea, baina gaur egun positiboentzat eta positiboen kontaktuentzat eskatzen diren 10 eguneko bakarraldia gainditzen du, bai eta hamalau eguneko intzidentzia metatua ere».

Horrez gain, kasuak gora egin aurretik neurri batzuk «arindu» zirela ere aipatzen du, batez ere joan-etorriei lotutakoak, eta gogora dakar, halaber, senideen eta lagunen arteko topaketak egiten hasi zirela eremu pribatuetan Gabonetako ospakizunen harira. «Topaketa horiek, epidemiologoen parte handi baten arabera, kutsatzeen % 80 inguru eragin ditzakete», azaldu du ebazpenak.

Ez da behin betiko erabakia, ordea; denbora gehiago beharko du auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko. Ez da lehen aldia ostalariei arrazoi ematen diela, halere; iazko abuztuan ere aintzat hartu baitzuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek ordutegiaren inguruan jarritako helegitea.

Ebazpena aldekoa izanda, ordea, ostalariak beldur dira Eusko Jaurlaritzak «zigor eredugarria» edota «baldintza berriak» ezarriko ote dizkieten. Hala adierazi diete berri agentziei gaur goizean, erabakiaren zain zeudela auzitegiaren aurrean, Bilbon egin duten elkarretaratzean. 

Jaurlaritzaren erreakzioa

Eusko Jaurlaritzak uste du, baina, ostalaritza itxi izanak kutsatze kopuruak murriztea eragin duela, eta atzo alegazioak aurkeztu zituen, udalerri horietan ostalaritza ixteko erabakia defendatzeko.

Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsaurrekoa egiten ari zela iritsi da erabakia. Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak adierazi du Jaurlaritzak erabakiak hartzeko dituen ahalmenen inguruko eztabaida mahai gainean jartzen duela «berriz ere». «Jaurlaritzak hilabete hauetan etengabe eskatu dio Espainiako Gobernuari bere esku uztea beharrezko dituen tresnak egoera honi aurre egiteko. Auzitegiaren epaiak galdera ikur bat handi bat jartzen du horren inguruan, benetan baditugun edo ez behar ditugun tresnak egoera honi erantzuteko».

Zupiriak arratsaldean baloratu du epaia, agerraldi batean. Esan du Jaurlaritzak ezin duela «ulertu» EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia, eta «bereziki larria» iruditu zaio epaimahai batek «bere kasa» baloratu izana zer-nolakoa den bilakaera epidemiologikoa, batzorde teknikoari dagokiolako egoeraren jarraipena egitea. Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek aztertuko dute epaiari helegitea jarri ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.