Musika

Mary Wilson The Supremes taldeko kidea zendu da

Diana Ross eta Florence Ballardekin batera, soul hirukote ospetsua osatu zuen. Kantu arrakastatsu ugari grabatu zituen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan.

Mary Wilson. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 9a
12:09
Entzun

Sarrritan The Supremes taldearen izena Diana Rossi lotuta azaltzen bada ere, harekin batera beste bi kantarik osatu zuten Motown Detroiteko (AEB) soul zigilu ospetsuko talderik arrakastatsuena: Florence Ballardek eta Mary Wilsonek. Azken hori 76 urterekin hil berri dela jakinarazi du BBCk.

The Supremes 1961ean sortu zuten Wilsonek, Ballardek, Rossek eta Barbara Martinek, baina Martinek berehala utzi zuen taldea, eta The Supremes hirukote bilakatu zen. Motown diskoetxearekin kontratua sinatu zuten, eta, hainbat single oihartzun handirik gabe argitaratu ondoren, 1963an hirukotearen lehen kantu arrakastatsua kaleratu zuten: When the Lovelight Starts Shining Through His Eyes.

1964 eta 1965. urteetan argitaratu zituen The Supremesek bere kanturik arrakastatsuenak, haietako asko Lamont Dozierrek eta Brian Holland eta Edward Holland anaiek idatzitakoak, eta hirukotea talde oso ezagun bihurtu zutenak: Baby Love, Stop! In the Name of Love, Come See About Me,  Back in My Arms Again.

[youtube]https://youtu.be/Aax5EDQMOq4[/youtube]

Nolanahi ere, taldean tentsio ugari ere izan ziren garai haietan, Berry Gordy Motowneko buruak Diana Rossen pisua indartu nahi izan zuelako hasieratik. Gordyk erabaki zuen Ross izango zela kantari nagusia, eta 1967an Ballard taldetik bota zuen. Gerora, Diana Ross & The Supremes bilakatu zen hirukotea —Cindy Birdsongek ordezkatu zuen Ballard—, eta, 1970etik aurrera, Rossek bakarkako bideari heldu zion, eta The Supremes itzaliz joan zen poliki-poliki, 1977an desegin arte.

[youtube]https://youtu.be/fQ7uXX9K7Sk[/youtube]

Wilsonek bakarkako disko bat argitaratu zuen 1979an, eta handik urte batzuetara, berriz, Motownen jasandako gehiegikeriak salatu zituen liburu batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.