Zinema

'La trinchera infinita' Oscar sarietatik kanpo gelditu da

Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma ez da sartu azken hamabost hautagaien zerrendan

'La trinchera infinita' filmeko irudi bat. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 10a
08:52
Entzun

Loreak filmarekin gertatu bezala, Moriarti euskal ekoiztetxeko azken pelikulak ez du azken aurreko langa gainditu, eta ez da lehiatuko Nazioarteko Oscar saria irabazteko. Bart eman ditu Hollywoodeko akademiak momentuz lehian jarraitzen duten hamabost pelikulen izenak, eta ez dago horien artean La trinchera infinita. 93 filmen artean aukeratu dituzte hamabost horiek, eta oraindik beste aukeraketa bat gainditu beharko dute azken lehian sartzeko.

La trinchera infinita 2019ko Donostiako Zinemaldian lehiatu zen, eta han, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren sariak eskuratu zituen. Loreak Garañok eta Goenagak zuzendutako filma ere Oscar sarietarako hautagaia izan zen 2016an, baina orduan ere ez zuen lehenengo pausoa gainditu.

Aurreko hiru film luzeak euskaraz egin eta Euskal Herrian girotu ondoren, Espainiara jo zuten zuzendariok La Trinchera Infinita egiteko. 1936ko gerran eta haren ostean gertatzen da istorioa. Higinio Blanco errepublikazalea (Antonio de la Torre) atxilotu egingo dute tropa nazionalek. Kamioian daramatela, ihes egingo du, eta etxean egindako zulo batean ezkutatuko da, Rosa emazteak (Belen Cuesta) lagunduta. Barne itxialdi bat hasiko du, 33 urte iraungo duena, 1969ra arte. Gerra hari buruzko «beste film bat» ez dela esan dute zuzendariok, harago doalakoan: beldurra da filmaren ardatza, beldurra modu oso zabalean ulertuta

Hauek dira Nazioarteko Oscar saria jasotzeko hautagai diren filmak: Ya no estoy aquí (Mexiko), La llorona (Guatemala), El agente topo (Txile), Quo Vadis, Aida? (Bosnia eta Herzegovina), Charlatan (Txekiar Errepublika), Druk (Danimarka), Deux (Frantzia), Shaonian de ni / Better Days (Txina), Khorshid (Iran), La nuit des rois (Boli Kosta), Hope (Norvegia), Colectiv (Errumanía) Dorogie tovarishchi (Errusia),Yangguang puzhao / A Sun (Taiwan) eta L'Homme qui a vendu sa peau (Tunisia).

Martxoaren 15ean jakinaraziko dute zein diren Oscar sarietarako azken hautagaiak kategoria guztietan, eta azken gala, berriz, apirilaren 25ean izango da, ohi baino bi hilabete geroago, pandemia dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.