Kataluniako hauteskundeak

Guztiak guztien aurka

TV3ek antolatutako eztabaida saioan izan dira Kataluniako presidentegaiak, baina gutxi hitz egin dute bozen osteko akordioez; bakoitzak bere profila definitu nahi izan du. Adituek diotenez, positiboen kontaktu zuzena diren 70.000 lagun inguruk bozkatuko dute igandean.

TV3en eztabaidan parte hartu zuten bederatzi hautagaiak, atzo. TV3
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 10a
12:53
Entzun

Bakoitza berera. Hala jardun zuten atzo Kataluniako bozetara aurkeztuko diren bederatzi alderditako ordezkariek TV3 telebista kateak antolatutako eztabaida saioan, eta, hauteskunde horietako galdera nagusietako bat ondorengo akordioak zein izango diren bada ere, gutxi jardun zuten horretaz. Gai hori mahai gainean jartzeko interes txikia zutela zirudien, hautesleak uxatzeko beldurrez edo.

Salvador Illak eta Pere Aragonesek jokatu zuten presidente rola, PSCren eta ERCren hautagaiek, hurrenez hurren. Illa, aurrez egindako eztabaidetan, kexu agertu zen guztiek bere aurka egin zutelakoan. Atzo, ordea, lezioa ikasita eraman zuten beste hautagaiek, eta, gehien aipatu zuten hautagaia Illa bera izan zen arren, ez zioten abagune hori baliatzen utzi; Alejandro Fernandez PPko hautagaiak, adibidez, argi esan zion: «Harrokeria gutxiago, hemen guztiok jasotzen dugu eta».

Illak, nagusiki, PSCren programako puntuak helarazi zituen, eta Aragonesek, berriz, Kataluniako egungo gobernuaren ibilbidean defendatu zuen. Horretarako, behin baino gehiagotan izan zituen hizpide egungo krisi sozioekonomikoaren zenbakiak, eta azpimarratu zuen ERC dela «CUPetik hasi eta En Comu Podemeraino» aliantzak sor ditzakeen alderdi bakarra.

Inkesten arabera, hauteskundeak irabazteko lehian dago JxCat ere, PSCrekin eta ERCrekin batera. Haien hautagaiak, Laura Borrasek, argi utzi zuen atzo presidente bilakatzeko nahia duela: «Ni naiz emakumezko lehen presidentea bilakatzeko aukerak dituen bakarra». Iruzkin hori, ordea, ez zuten oso ondo hartu Jessica Albiach En Comu Podemen hautagaiak eta Angels Chaconek, PdeCaten hautagaiak; azken horrek «Puigdemonten txotxongilo» izatea ere egotzi zion Borrasi. 

Dolors Sabater CUPen hautagaiak ez zuen protagonismo handirik izan; ez zen sartu Ignacio Garriga Voxeko hautagaiak berarekin nahi zuen eztabaidan, eta gainerako hautagaiak kritikatu zituen: «Zuei entzunda, pena ematen dit eztabaida hau ikusten ari direnen azalean jartzeak». Garriga eta Fernandez, Vox eta PP, euren arteko eztabaidan jardun ziren.

Illa, PCR gabe

Atzoko eztabaidaren ostean, zeresana eman du Illak TV3era joan aurretik hartutako erabakiak: PCR proba bat egin ez zuen hautagai bakarra izan zen. Nacio Digital egunkariak argitaratutako albisteari, ordea, azkar erantzu dio Illak, eta argi utzi du «protokolo guztiak» betetzen dituela, eta kasu horretan ez zela gomendagarria proba egitea. Telebistako platoan neurri guztiak behar bezala bete zituztela ere gehitu du. 

Bestalde, atzo Kataluniako Gobernuak adierazi zuenez, aurreikusi dute hauteskundeetan COVID-19an positibo eman duten 14.000 lagunek hartuko dutela parte, eta, ondorioz, kontaktu zuzenak diren 70.000 pertsonak ere bai. Josep Maria Argimon Osasun Publikoko idazkariak eman zuen datua.

Aitortu zuen hobe litzatekeela kontaktu zuzena diren 70.000 lagun horiek etxean geratzea, baina haiek ere badutela bozkatzeko eskubidea. Mahaiak osatzeko, berriz, esan zuen ez dutela arazorik izango, jada mahaien %99 osatuta baitaude. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.