Albistea entzun

Ikus-entzunezkoak

Disney Pluseko estreinaldi guztiak euskaraz izateko eskatu dute

Disney Euskaraz taldeak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, eta exijitu du haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Disney Euskaraz-eko Alexander Aginagalde
Disney Euskaraz-eko Alexander Aginagalde Eusko Legebiltzarra Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko otsailak 10

Donostiako guraso euskaldun eta euskaltzale batzuen ekimenetik abiarazi zuten Disney Euskaraz egitasmoa, Disney konpainiari eskatzeko zinema aretoetan zein streaming plataforman ekoizpenak euskaraz emateko. Baita erakunde publikoei eskatzeko Disneyrekin harremanetan jartzeko ere, haur euskaldunen eskubideak «bermatuak egon daitezen». 5.000 sinadura baino gehiago lortu zituzten. Gaur eguerdian, taldeko ordezkari Alexander Aginagaldek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean. Euskararentzat agertoki «osasuntsu batera» iristeko eman beharreko pausoak azaldu ditu, eta gogorarazi du Disneyri egindakoa eskaera zehatza dela. «Baina behar zabalago baten isla».

Aginagaldek nabarmendu du azkeneko urteetan asko aldatu direla ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. «Duela urte batzuk, euskarazko marrazki bizidunek eskaintza osoaren ehuneko esanguratsu bat osatzen zuten, eta erreferenteak ziren: ez bakarrik eremu euskaldunetan, baita giro erdaldunetan bizi ziren haurrentzat ere». Azkeneko bost urteetan, ordea, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira. Eta plataforma horietan ez dago euskarazko edukien eskaintzarik. Aginagaldek aipatu duenez, Netflixen euskarazko bi film daude, Amazon Prime Videon bakarra, eta alerik ez HBOn eta Disney Plusen. Beste datu hau eman du: «Euskaldunen %47ek plataformak kontsumitzen dituzte».

Halaber, Disney Euskaraz taldeko kideak azaldu du ikerketa soziolinguistikoek ondorioztatzen dutela haurtzaroko aisialdiak eragin handia duela helduaroan izaten diren hizkuntza ohituretan. «Eta gaur egun, haur euskaldunek erdaraz kontsumitzen dute. Haien erreferenteak erdaldunak dira». Aginagalderen ustez, erakunde publikoei dagokie hizkuntz eskubideak bermatzea. «Bi hizkuntza ofizial dauden toki batean, berdintasun materiala izateko bitartekoak jarri behar dira. Are gehiago, hizkuntza handi bat eta txiki bat dauden herrialde batean».

Hartara, euskararentzat beste agertoki «osasuntsuago bat» lortzeko honako hau eskatu du taldeak: «Haurren zinema estreinaldi guztiak euskaraz ere izatea —Disney, Pixar eta gainerako ekoiztetxeenak—. Halaber, Disney Plus plataformaren funtzionamendua euskaraz izatea, eta euskaratuak dauden edukiak eta estreinaldi berri guztiak euskaraz egotea». Euskal hiztunen eskubideak lege propio bidez arautu behar direla uste du taldeak. Era berean, Espainiako Ikus-entzunezko lege berria tramitatzen ari direnez, «aukera bat» ikusten dute hor plataformei euskarazko ekoizpenak exijitzeko.

Talde politikoen txandan, EAJko legebiltzarkide Mikel Arruabarrenak esan du Eusko Jaurlaritzak hainbat saiakera egin dituela Disneyrekin egoteko. «Beste aldean ez dago interes handirik», esan du. «Beste aldean interesa piztu behar da». Rebeca Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, ez du interesik ikusten gobernuan: «Katalanak ari dira. Gu atzean gelditzen ari gara». PSEk eta Elkarrekin Podemosek EITBn ekoizpenak sustatzea lehenetsi dute.
Disney Euskaraz taldeko ordezkariaren arabera, EITB Nahieran «oso tresna mugatua» da. «Dragoi Bola, adibidez, ezin da bertan ikusi».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.

 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...