Mugakide diren udalerrien artean mugitzea baimendu du Labik

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien itxiera perimetralak bere horretan segituko du, baina mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira jarduera sozioekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Neurri berriak astelehen gauean sartuko dira indarrean, eta gutxienez martxoaren 5era arte egongo dira indarrean.

Ertzaintzaren kontrol bat, Bilbo eta Arrigorriaga arteko mugan. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 12a
11:17
Entzun

Goizeko bederatzietan elkartu da Labi aholku batzordea, izurria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontrolatzeko neurriak hartzen dituena. Mahai gainean izan du atzo Labiren beraren batzorde teknikoak egindako txostena, eta, horretan oinarrituta, indarrean dauden neurri murriztaileen inguruan erabaki du. Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi berri duenez, indarrean dagoen dekretuan aldaketak egingo dituzte, mugakide diren udalerrien arteko mugimenduak baimentzeko. Mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira jarduera sozioekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Udalerrien itxiera perimetralari eutsiko bazaio ere, baimenduta egongo da udalerrien artean mugitzea kasu hauetan: lehiaketa profesionala edo erdi profesionala egiten duten taldeen entrenamenduetarako eta lehiaketetarako; eremu gorrian ez dauden udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira, halaber, kirolari federatuen lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako, eta gimnasio, kirol klub edo kiroldegietako ikastaro edo jardueretan parte hartzeko.

Epaileen erabakiari helegiterik ez

Lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritzak ez diola helegiterik jarriko EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritzaren itxieraren aurka hartutako erabakiari. «Alferrikakoa izango litzateke helegitea aurkeztea sala berberean, epaile berberak izanda, eta txosten gehigarririk aurkezteko aukerarik gabe», argudiatu du Urkulluk. Eremu gorriko udalerrietan ostalaritza ixtea erabaki egokia dela adierazi du lehendakariak, baina gaineratu du helegite bat aurkezteak ez lukeela «eraginkortasunik» izango. Halaber, iragarri du Jaurlaritzak ez duela errefusatuko Luis Angel Garrido epailea, nahiz eta Jaurlaritzak uste duen epaileak «irizpide epidemiologikoaren» eta «pandemiaren ebidentzien» aurka egin duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.