Arabako Aldundiak diru laguntzak emango dizkie ostalariei

Eskaera bakoitzeko 2.100 eurorainoko laguntza jaso ahalko da, eta herri txiki eta ertainetako establezimenduek lehentasuna izango dute.

Bezeroak Gasteizko terraza batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko otsailaren 12a
12:31
Entzun

Arabako Foru Aldundiak ezohiko diru poltsa bat jarriko du ostalaritza sektorearentzako laguntzetarako. Denera, 500.000 euroko zorroa prestatu du, eta, batez ere, alokairuak eta hipoteka maileguak, autonomoen kuotak, ur eta energia hornidurak eta pandemiari lotutako aholkularitza zerbitzuak diruz laguntzea du helburu. 

Establezimendu bakoitzak 1.400 eta 2.100 euro artean jasoko ditu gehienez; langile kopuruaren arabera, betiere. Kopurua finkoa da, eta, beraz, eskari guztiei erantzuteko emango ez balu, irizpide jakin batzuen arabera emango dira laguntzak. 

Bada, aldundiak lehentasuna emango die herri txiki eta ertainetako ostatuei kasu horretan, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak adierazi duenez: «Udalerri horietako toki erakundeek ez dute baliabiderik sektoreari zuzeneko laguntzak emateko. Eta gainera, joan-etorriak murrizteak gehien kalte egin dieten negozioak dira».

Gonzalezek azaldu duenez, lehen aldia da Arabako Foru Aldundiak ostalaritzarako laguntzak ematen dituela. Baina azpimarratu du pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileek gehien erasan dieten negozioei laguntzea duela helburu. «Izan ere, sektoreko negozio guztiak gaizki pasatzen ari badira ere, egoera okerragoa da gastu finko garrantzitsuei aurre egin behar dietenentzat, hala nola jarduera egiten den lokalari lotutako alokairu bati edo hipoteka mailegu bati. Horrela, eta gainerakoak ahaztu gabe, arreta berezia jarriko dugu horrelako kasuetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.