Tortura

40 urte bete dira Joxe Arregi torturatuta hil zutenetik

Haren omenez antolatzen da Torturaren Aurkako Eguna, gaurko egunez. Ekitaldiak egin dituzte Zizurkilen eta Bilbon, Egiari Zor fundazioak antolatuta. Berria TBk Joxe Arregiren torturaren argazkien egia izeneko bideoa egin zuen 2009an, Unzurrunzagaren adierazpenekin.

2021eko otsailaren 13a
08:44
Entzun

«Nolako tortura motak sufriarazi zizkioten galdetu genion, eta oso makal erantzun zuen: 'Oso latza izan da'». Halaxe idatzi zuten Iñaki Agirre Errazkin ETApm-ko kideak, Xose Lois Fernandez Gonzalez GRAPOkoak eta Lois Alonso Riveiro PCEko militanteak Joxe Arregiren heriotza jakinarazi eta haren azken orduen berri emateko Carabanchelgo kartzela-ospitaletik bidalitako gutunean. 1981eko otsailaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Joxe Arregi zizurkildarra, Madrilen, eta bederatzi egunez eduki zuten inkomunikatuta, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian, torturapean. Otsailaren 12an eraman zuten Carabanchelera, hagitz egoera larrian: «Fisikoki zanpatua», ziegakideek bidalitako gutunaren arabera. Haren azal kolpez betea eta errea ere deskribatu zuten, gizonaren arnasestua, eta Arregik berak kontaturiko sufrikarioa. Artean ez ziren zabalduak egun gutira lau haizeetara hedatuko ziren gorputz torturatuaren irudiak, baina kideek jasotako hitzek ematen zuten gertatuaren tamaina: «'Barra batetik zintzilikatu ninduten hainbat aldiz, oinetan kolpeak emanez eta ez dakit zerekin errez; nire bularraren gainean saltoka ibili ziren; borra kolpeak, ukabilkadak eta ostikoak leku guztietan ematen zizkidaten'». Arregiren azkenetariko solasak izan ziren.

Otsailaren 13an zendu zen, gaurko egunez, duela 40 urte; autopsiak azalduko zuenez, bronkopneumoniak jota. Espetxeko erietxean diagnostikatua zioten eritasuna, eta Carabanchelgo medikuak galdegin zuen kanpoko ospitale batera eraman zezatela Arregi. Lekuz aldatu behar zuten une horretan bertan hil zen.

Ordutik egun seinalatua da Euskal Herrian otsailaren 13a, Arregiren omenez Torturaren Aurkako Eguna antolatzen baita; eta, aurtengoa haren heriotzaren 40. urteurrena izanik, ekitaldiak eginen dituzte gaur Zizurkilen (Gipuzkoa) eta Bilbon, Egiari Zor fundazioak antolatuta. Zizurkilgoa Arregiren beraren izena duen plazan egin dute, eta Bilbokoa, Bizkaia Aretoan: Alfonso Sastreren Zutoin Beltza obraren irakurketa dramatizatua estreinatu dute.

Absolbituak eta sarituak

Berrogei urte bete dira Arregi torturaren ondorioz hil zenetik, baina erakunde politikoek ez dute gaurdaino gertaturikoa aitortu. Ikerketak ere urriak izan ziren garai hartan: autopsiak, erraterako, adierazi zuen ez zegoela jakiterik Arregiren gorputzeko markak eta bronkopneumonia atxilotu baino lehen edo ondotik sorturikoak ote ziren. Santi Brouard medikuaren hitzetan, alta, biriketako gaitza azaltzeko «modu bakarra» bainuontziaren torturak eragin izana zen.

Madrilgo Probintzia Auzitegiak Arregirekin egon ziren 73 polizietatik bortzi soilik hartu zien deklarazioa, eta horietako bi baino ez zituen auzipetu, «tratu txarrak» egotzita: Julian Marin Rios eta Juan Antonio Gil Rubiales. Auzitegiak bitan absolbitu zituen. 1989ko urrian, Gorenak zigortu egin zituen bi poliziak, azkenean, baina ez luzerako: lau eta hiru hilabeteko atxiloaldiak eta hiru eta bi urteko lan etenaldiak ezarri zizkien. Felipe Gonzalezen gobernuak indultatu egin zituen gero, eta mailaz igo zituzten, baita hasieran auzipeturiko bertze hiru poliziak ere. Gainerako 68 agenteen izenik ez zuten zabaldu.

Hilerriko argazkiak

Asteartea zen, 1981eko otsailak 16 zituen. Juan Kruz Unzurrunzaga Zizurkilera joan zen, Arregiren omenaldian parte hartzera. Han bururatu zitzaion egun hartan bertan gorpua hilobitik ateratzea eta argazkiak egitea, bertsio ofiziala erabat indargabetzearren. «Bixente Ameztoiri esan nion». Laguna zuen artista, izan ere. Horrela hasi zen torturak Euskal Herrian utzitako argazki lazgarrienetako batzuen historia. Askoren memorian geratu ziren iltzatuta Arregiren argazki horiek: gorpua harrizko mahai baten gainean, torturak txikituta, baldosa zuriak eta ate beltza atzean. Unzurrunzagak 2009an kontatu zion BERRIAren Igandea gehigarriari nola atera zituzten argazki horiek, Zizurkilgo hilerrian bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.