Kosovo

Kurti ezkerreko hautagaia da faborito Kosovoko hauteskundeetan

Inkestek iragarri dutenez, Autodeterminazioa alderdiko zerrendaburuak botoen %50 inguru jaso ditzake bihar.

Albin Kurti Autodetermiazioa alderdiko lehen ministrogaia, joan den asteartean, kanpainako ekitaldi batean. VALDRIN XHEMAJ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 13a
16:23
Entzun

Zazpi aste egin zituen lehen ministro karguan Albin Kurti Autodeterminazioa alderdiko hautagaiak, iaz. Otsailaren 3ko bozetan gailendu zen, baina oposizioak kargutik kendu zuen martxoan, zentsura mozio baten bidez, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gai ez zela iritzita. Abdullah Hoti kontserbadoreak hartu zuen haren lekua, ekainaren 3ko bozak irabazi zituen eta. Urte erdi eskas iraun zuen haren aginteak, iazko abenduan Hotiren izendapena legez kontrakoa izan zela ebatzi zuen Kosovoko Auzitegi Konstituzionalak —Autodeterminazioa alderdiaren salaketa bat hartu zuen aintzat—, eta hauteskundeak errepikatzea agindu zuen. Erabaki horren ondorioa izango dira biharko bozak.

Inkesta guztiek aitortzen diote goranzko joera Kurtiri eta haren ezkerreko indarrari. Alderdi albaniar abertzaleak —Kosovoko biztanleriaren %90 da albaniarra— botoen erdiak eskuratu ditzakeela aurreratu dute—.

Halako emaitza lortuko balu ere, ez litzateke nahikoa izango herrialdea bakarrik gobernatzeko, eta Autodeterminazioak beste indar baten babesa bilatu beharko luke. Jarduneko lehen ministro Hotiren LDK Kosovoko Liga Demokratikoa, PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa eta AAK Kosovoren Etorkizunaren Aldeko Aliantza lirateke gobernu baterako bazkide izateko hautagaiak.

Kanpainaren ardatzetako bat pandemia eta hark ekarri duen krisi ekonomikoa izan dira. Kosovora ez da oraindik txertorik iritsi, eta Hotik gabezia horri aurre egingo diola hitzeman du. Haren esanetan, berak gidatzen duen jarduneko gobernuak 1,85 milioi dosi erosi ditu 40 milioi eurotan, eta urte amaierarako herritarren %75 txertatuta egongo dela ziurtatu du.

Baieztapen horiek gezur hutsa direla salatu dute gainerako alderdiek. Kurtik ohartarazi du bere gobernua izango dela soilik Kosovon txertaketa kanpaina duin bat antolatzeko gai, biztanleriaren %60 txertatuko dela ziurtatuko duena.

Egoera ekonomikoak nabarmen egin du okerrera koronabirusaren hedatzearekin. 2020an, 92.000 lagunek baino gehiago gelditu dira lanik gabe eta barne produktu gordina %9 murriztu da. Langabezia tasa %30ekoa da, eta gazteen erdiak ari dira lan bila. Lehendik ere egoera ez zen xamurra Balkanetako estaturik pobreenean. Kosovon bizi proiektu bat garatzeko aukera faltagatik, 170.000 herritarrek utzi zuten herrialdea 2015 eta 2019 artean —biztanleriaren ia %10ak—.

Serbia eta Albania

Kosovok independentzia deklaratu zuen 2008an, eta aldebakarreko erabakiz banandu zen Serbiatik. Azken horrek ez du estatu independente gisa aitortzen, ordea, bere lurraldearen parte dela aldarrikatzen du, Errusiaren babesarekin. Azken hilabeteetan, EB Europako Batasuna eta AEB saiatu dira Serbiaren eta Kosovoren arteko akordio bat lortzen, bien arteko harremanak bideratze aldera, baina egin dituzten bilerek ez dute uztarik eman.

Serbiaren eta Kosovoren arteko elkarrizketak ere eztabaidagai izan dira kanpainan. Kurtik gogor kritikatu du Hotiren gobernuak Serbiarekiko izan duen jarrera. Haren esanetan, otzanegia izan da, eta ohartarazi du egiazko elkarrizketa berdintasun printzipioa betetzen gerta daitekeela soilik.

Autodeterminazioa alderdia demokrazia zuzenaren aldekoa da, eta herritarrek Kosovoko gai garrantzitsuenen gainean erreferendum bidez erabakitzeko aukera izan behar dutela defendatu du. Besteren artean, herrialdeak Albaniarekin batu nahi duen erabaki beharko lukete herritarrek, Kurtiren iritziz.

Bide horretan, aliatu izan dezake Ramush Haradinaj lehe ministro ohiaren AAK alderdia. Haradinajek adierazi duenez, Kosovo ez litzateke Serbiarekin akordio bat sinatzera behartu behar. «Beste aukera batzuk» aztertzearen alde agertu da; horien artean, Albaniarekin bat egiteko erreferendum bat egitearena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.