ERC, gobernabidearen erdigunean

Illaren eta Aragonesen alderdiak berdinduta geratu dira 33na eserlekutan. Kataluniako Parlamentua ezkertiarragoa izango da, eta independentistek lehen aldiz pasatu dute botoen erdien langa, gehiengo osoa handitzearekin batera. Bideoa, albistearen barruan.

ander perez zala
2021eko otsailaren 14a
23:09
Entzun

Kataluniako Parlamentua independentistagoa eta ezkertiarragoa izango da, eta ERC Esquerra Republicana de Catalunya gobernabidearen erdigunean geratu da: datozen asteetan, Pere Aragonesen alderdiak erabaki beharko du ea ardatz independentistari ala ezkertiarrari emango dion lehentasuna gobernua osatzeko elkarrizketetan.

Aurtengo hauteskundeek aldaketa garrantzitsuak eragin dituzte bi blokeetan. Independentistek gehiengo osoari eutsi diote, eta ez hori bakarrik, kopurua handitzea ere lortu baitute, lehen aldiz botoen erdien langa gainditzearekin batera.

ERCk 33 eserleku izango ditu (+1) JxC Junts Per Catalunyari aurrea hartu ostean, Laura Borras hautagai duen alderdia 32 diputaturekin geratu baita (-2). CUPek, berriz, bikoiztu baino gehiago egin du bere ordezkaritza, lau ordezkaritik bederatzira pasatuta.

Hala, alderdi independentisten gehiengo osoa 70etik 74ra igo da; beraz indar horien arteko negoziazioak izango dira gobernabidea bermatzeko aukeretako bat, eta, ziurrenik, protagonismoa hartuko duten lehen negoziazioak. Teorian, aukera bakarra litzateke, kanpainan PSCri ezarritako betoak behartuta. 

Independentismoko bi alderdi nagusien harremana kontuan hartu beharreko faktorea izango da, asko gaiztotu baita azken urteotan, errepublikaranzko bidea desberdin irudikatzen dutelako; batez ere 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferendumaren ostean. Aliantzei begira ere, bien artean desadostasunak dira nagusi, soilik independentista izango den gobernu bat egin nahi baitu JxCk. ERCk, berriz, amnistia eta autodeterminazioa aitortzen dituzten indar guztiekin hitz egin nahi du; tartean, ECP En Comu Podemekin.

Unionisten artean, Salvador Illaren PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak Ciutadansen 2017ko testuinguru berean ikus dezake bere burua: babes handiena jaso duen indarra izan arren, agintean amaitzeko behar adina sostengurik ez lortzea. Illak, halere, berretsi egin du inbestidurara aurkeztuko dela.

PSCren garaipenak, 33 eserlekurekin (+16), independentziaren aurka baina elkarrizketaren alde dauden milaka herritarren nahia islatu du, eta, hortaz, subiranistekin zubiak eraikitzearena. Kataluniako Parlamentuan ezkerreko gehiengo bat ere egongo da, eta, hortaz, bide hori hartzea begi onez ikusiko dute Illaren alderdian. 

Zehazki, ezkerreko alderdien parlamentuko ordezkaritza 61etik 83ra igo da; horretarako, ordea, Aragonesen indar politikoaren oniritzia beharrezkoa izango da; kasu horretan, Espainiako gobernabideak ere zeresana emango luke negoziazioetan. ECPk zortzi eserlekuko ordezkaritzari eutsi dio eta, beraz, PSCren eta ERCren eserlekuak gehituta, ezkerreko gobernu batek gehiengo osoa izango luke, CUPen beharrik gabe. 

ECPren hautagai Jessica Albiachek ere ezkerreko gobernu baten alde egin du emaitzak jakin osteko agerraldian, eta hori lortzen saiatuko direla jakinarazi du: «Kataluniaren historiako parlamenturik ezkertiarrena osatuko da. Ezkerreko gobernua geldiezina da; lehenago edo beranduago iritsiko da».

Beste aukera bat ERCk, ECPk eta CUPek osaturiko koalizio bat osatzea litzateke, gehiengo osorik izango ez lukeen arren; kasu horretan, bozketa bakoitzaren arabera, gobernu horrek PSCrengana edo JxCrengana jo lezake.

Ikusteko dago ERCk zeren eta noren alde egingo duen, baina Aragonesek adierazi du inbestidurara aurkeztuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.