martxelo otamendi

Independentziazaleek osatuko dute gobernua

2021eko otsailaren 15a
00:33
Entzun

Beste behin gaizki atera zaie jokaldia Espainiako estatu egiturei: gobernuari, justiziari, poliziei… 2017an saiatu ziren buruzagi politikoak eta sozialak erbestera eta espetxera bidali ondoren abenduan ezarri zituzten hauteskundeekin. Kataluniako Parlamentuan gehiengoak alderdi independentziazaleen esku segitu zuen, 100.000 boto gehiago lortu zituzten, baina 72 eserlekutik 70era jaitsi ziren. Espainiaren aldeko botoaren mobilizazio handia izan zen orduan, inoizko handiena Kataluniako hauteskundeetan.

Igande gauean ere porrota jaso du indepedentziazaletasunari gehiengoa kentzeko estrategiak. Quim Torra inhabilitatu zuten epaileek, pankarta bat kendu nahi izan ez zuelako. Berriro hauteskundeetara, eta oraingo honetan, besteak beste Espainiaren aldeko botoa ez delako duela hiru urte bezala kezkatu, gora egin dute eserlekuetan independentzia nahi dutenek.

Hauteskunde hauek ez dute funtsean asko aldatu Kataluniako blokeen mapa; bai, ordea, bloke bakoitzaren barruko indar korrelazioa. ERC nagusitu da independentziazaleen blokean, oso gutxigatik 2017koetan eskuratu ez zuen nagusitasuna orain lortuta. Indepentziazaleen arteko akordio luzetsiaren ondorengo gobernuaren lema hartuko du ERCk. Nahiz asko kostako den, eta luze joko baitu negoziazioak, Pere Aragones izango da presidente berria, eta ERC, JxC eta CUPen babesarekin izendatuko dute. ERCri dagokio orain gobernu berriaren estrategia politikoa zehaztea eta aurrera eramatea.

ERCk PSOErekin irekita daukan mahaia izango da garai berriaren erreferenteetako bat. Mahaia bi gobernuen artekoa izateko jaio bazen ere, funtsean ERC eta PSOEren artekoa zen. Orain ERCkoak lehendakaritzan, bi gobernuen artekoa izatera itzuliko da. Espainiako gobernua saiatuko da ahalik eta gehien luzatzen mahairen bizitza, jakinda mahai horretatik ez dela ezer aterako U-1ean Poliziaren jipoi ikaragarria jasan zutenak aseko dituenik. Mahai hori izango da, subiranotasunaren esparruan, Kataluniako gobernua osatuko duten ERCren eta JxCren arteko liskar gune nagusia. Bi alderdi horiek ezin dute errepikatu azken bi urteotan babesa eman dieten herritarren aurrean antzeztu duten etengabeko desadostasuna, herritar horiei agortzen ari zaielako pazientzia.

CUPek 4tik 9ra bikoiztu du eserleku kopurua, nahiz 10.000 boto galdu. Parlamentari kopuru horrek indarra emango die exijitzeko gobernu berriari urrutiago joan dadila gizarte politiketan eta ekonomia arloko aldaketetan. Ez da gobernuan sartuko, baina, orain arte ez bezala, abiatuta dago kide batzuen arteko eztabaida.

Independentziazaleek lehen aldiz lortu dute botoen %50en langa sinbolikoa gainditzea, oso gutxigatik. Emaitza horrek, garrantzitsua izanda ere, beste behin sortzen du independetziazaleek sabai jo ote duten eztabaida. Asko, ikaragarri, kostatzen ari zaie oinarria zabaltzea.

PDeCATek porrota sekulakoa da, parlamentutik kanpo geratu delako, eta jaio berria den Partit Nacionalista de Catalunyaren arrastorik ez dago.

Ciutadansen kolpe ikaragarriaren ondorioz, Espainiaren aldekoen alorrean, Salvador Illa hautagai sozialistak oso emaitza onak lortu ditu, hauteskundeak irabazteaz gain, bikoiztu egin duelako eserleku kopurua. Topiko bat erabilita, garaipen mikatza Illarena. Ez dauka batere aukerarik presidente izateko, eta oposizio burua izatearekin konformatu beharko du; orain eta hurrengo hauteskundeetan abertzaleen arteko elkarlanak, haserreak haserre, segitzen duen bitartean.

Miquel Iceta oso pozik dago Madrilen ministro izanda; Illari galdetu behar gustura egongo ote den oposizioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.