Kaledonia Berria

Kaledonia Berriko independentistak, lehen aldiz presidentetza lortzeko atarian

UC-FLNKSk eta Ozeaniako Esnaldiak biharko bozketarako zerrenda bateratua aurkeztu izanak gobernuburu izateko faborito bilakatu du Samuel Hnepeune enpresari kanaka.

Samuel Hnepeune —erdian—, Medef-NCren presidentea zeneko irudi batean. MEDEM-NC
ander perez zala
2021eko otsailaren 16a
17:16
Entzun

Krisietatik aukerak sortzen dira: horixe pentsatzen ari dira egunotan Kaledonia Berriko independentistak. Deskolonizazio prozesuko hirugarren eta azken erreferendumari begirako elkarrizketa faltak eta hegoaldeko Goro hirian dagoen nikel plantaren salmentak sorturiko zalapartak aspaldian ikusitako krisi politikorik handiena eragin dute Ozeaniako  uharteetan, 2019ko bozetatik ateratako gobernua erortzea eragiteraino. Bada, testuinguru horri esker, Frantziatik ateratzearen aldekoek aukera dute lehen aldiz presidente kargua lortzeko: Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen EO Ozeaniako Esnaldiak uste du «norabide aldaketa baten beharra» dagoela, eta horregatik erabaki du UC-FLNKS Kaledoniar Batasuna-Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka talde independentistarekin bat egitea gobernurako hautagaien zerrenda aurkeztean.

Kaledonia Berriko Kongresuan ordezkaritza duten alderdiak bihar elkartuko dira 11 kidek osatuko duten gobernu berria erabakitzeko, eta, egungo indar orekak kontuan harturik, UC-FLNKSren eta EOren zerrenda bateratuaren buru Samuel Hnepeune enpresari kanaka da gobernuburu bilakatzeko faborito nagusia; bi indar horiek talde parlamentario berean daude, baina EOkoek loialisten gobernua sustatu zuten 2019an, bi aldeen arteko «oreka» mantentzeko.

Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak duela bi urteko hauteskundeetan lortu zuen lehenengoz ordezkaritza —hiru diputatu—, eta bere burua «ez independentistatzat eta ez loialistatzat» du: hau da, auziaren arabera, alde batera edo bestera mugiarazten du balantza.

Hnepeunek, ordea, beste talde parlamentario independentistaren babesa ere beharko du Kaledonia Berriko gobernuburu izateko. EOk bezala, UNI Independentziarako Batasun Nazionala koalizioaren parte den Palika alderdiak aukera bat ikusten du gobernu aldaketan, eta dei egin du «azken 22 urteetan egon den gobernatzeko moduan haustura bat» egitera. 

Ez hori bakarrik: iragan astean publiko egindako ohar batean, Palikak mahai gainean jarri zuen UNIren zerrendaburu Louis Mapouri «presidentetzara iristeko aukera ematea». Nahi horrek independentisten arteko elkarrizketak behartu ditu berriz ere, eta bi hautagaitzak aurkeztu dituzten koalizioak azken ordura arte aritu dira negoziatzen, negoziazio horien edukia publiko egin gabe.

AEC Etorkizuna Konfiantzaz eta CE Kaledonia Elkarrekin loialistek ere zerrenda bana aurkeztu dute, baina bloke horretan faboritoa eta presidentetzara iristeko aukera duen bakarra AECko Thierry Santa da, 2019tik hona Kaledonia Berriko gobernuburu izandakoa. Hala, ezustekorik ezean, hauek osatuko dute hurrengo gobernua: UC-FLNKS eta EOren zerrendako lau kidek, UNIko bik, AECko lauk eta CEko batek.

Politikarako jauzia

Hnepeun lehen aldiz sartuko da politikan. Medef-NC Frantziako Enpresen Mugimenduaren Kaledonia Berriko adarraren presidentetza utzi du horretarako, eta, Ozeaniako uharteetako gobernuburu kargua lortuko balu, laster utziko luke ere Air Caledonie hegazkin enpresan daukana.

UC-FLNKSren eta EOren zerrendaburua 1960an jaio zen, Lifou uharteko Luengonu tribuan, eta betidanik egon da arlo ekonomikoari lotura. Kaledonia Berriko politikak «aurpegi berriak» behar dituela argudiatuta proposatu zioten politikarako jauzia egitea, eta hark arrazoi hori aipatu izan du erabakia justifikatzeko. Aurreikuspen guztien arabera, Kaledonia Berriko lehen presidente kanaka eta independentista izango da.

Praktikan, ordea, ez da izango lehen gobernuburu kanak eta independentista: Jean-Marie Tjibaou buruzagi historikoa Kaledonia Berriko presidenteorde izan zen 1982tik 1984ra, baina praktikan gobernuburu lana egin zuen, garai hartan Frantziako Gobernuaren ordezkariak baitzuen presidente kargua.

Independentistek gobernu berriaren buruzagitza lortzen badute, besteak beste, deskolonizazio prozesuko azken independentzia erreferendumerako elkarrizketak bideratu beharko dituzte; bai loialistekin, baita Frantziako Gobernuarekin ere. Galdeketa hori datorren urtearen amaieran egingo dute beranduenez, eta Kaledonia Berriko Kongresuak datorren apiriletik aurrera izango du horretara deitzeko aukera —heren baten babesa nahikoa izango da—.

Deskolonizazio prozesuko lehen erreferenduma 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan Frantzian jarraitzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.

Kongresuan ere txikitu egin da loialisten eta independentisten arteko tartea: 2019ko hauteskundeetatik, Frantziatik ateratzearen aldekoek 26 eserleku dituzte, eta Frantzian jarraitzearen aldekoek, 28; bi blokeen arteko diferentzia hiru diputatutik bira murriztu zen hauteskunde haietan.

Ganberako presidentea FLNKSko Roch Wamytan da, eta, hortaz, Kaledonia Berriko gobernuburu kargua lortuz gero, independentistek erakunde guztiak gidatuko lituzkete, Hegoaldeko Probintzia izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.