Musika

Raymond Levesque musikari quebectarra hil da

'Quand les hommes vivront d’amour' abestiaren sortzailea izan da. Joseba Tapiak haren kantu batzuen bertsioak grabatu zituen 1999an.

Raymond Levesque, kontzertu bat ematen, 1965ean. BERRIA
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 16a
17:25
Entzun

Raymond Levesque (Montreal, 1928 - 2021) kantautore, poeta eta aktorea izan da, quebectarrentzako kantu esanguratsu ugariren sortzailea. Montrealen jaio eta hazi zen. Pianoa ikasi zuen Rodolphe Mathieurekin, eta antzerkia Madame Audetekin. Charles Treneten lanak inspiratuta, 1940ko hamarkadan hasi zen kantuak idazten eta kabaretetan jotzen.

Urte batzuk eman zituen Frantzian bizitzen, eta han Barclay Records diskoetxearekin grabatu zituen abestiak. Han, hainbat artista frantziarrek ere haren abestiak grabatu zituzten; besteak beste, Bourvilek, Jean Sablonek, Cora Vaucairek eta Eddie Constantinek.

Garai hartan, 1956an konposatu zuen, hain zuzen ere, Quand les hommes vivront d’amour, Aljeriako gerran oinarritutako kantu bakezalea. Haren abestirik ezagunena da, eta artista askok interpretatu dute, Quebecen eta Frantzian, baina baita handik kanpo ere. Esaterako, Maria Rosell eta Lluis Llachek katalanez abestu zuten, Quan tothom viura d’amor izenburupean, eta Joseba Tapiak euskarara ekarri zuen, Maitasuna helduko da izenarekin. Ez zen hori izan Tapiak itzuli zuen Levesquen kantu bakarra: Bozo galtzaundi eta Chateauguayko bataila-ren bertsioak ere egin zituen. Hiru abestiak eta beste 11 bildu zituen Quebec: hamalau kantu independentziarako diskoan, 1999an, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin.

Frantzian izandako garaian Levesquek idatzi zituen abestien artean daude, halaber, Les Trottoirs, La Vénus à Mimile, Le Coeur du Bon Dieu edota Rosemont sous la pluie. 1959an Quebecera itzuli ondoren, hainbat telenobelatan aritu zen lanean, eta Coucou haurrentzako telesaila gidatu zuen, besteak beste. Garai hartan, poesia eta antzerkia idazten hasi zen, eta Quebeceko mugimendu independentistarekin engaiatu zen.

Baina artista entzumen arazo handiak izaten hasi zen, eta 1986an gortasuna diagnostikatu zioten. Musika utzi zuen, baina idazten jarraitu zuen, eta poesia, fikzioa eta satira politikoko lanak argitaratu zituen. Beste sari batzuen artean, 1997an, Quebeceko Gobernuaren Denise-Pelletier saria jaso zuen, eta, 2005ean, Kanadako Gobernadore Nagusiaren Arte Eszenikoen Sariaren irabazle izendatu zuten, baina uko egin zion sariari.

Levesque atzo zendu zen, koronabirusak jota, 92 urterekin. Haren senideek adierazi dutenez, gaitza hartu aurretik osasuntsu zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.