Hilberria

Joan Margarit hil da

Poeta katalanik entzutetsuenetakoa 82 urterekin zendu da, duela urtebete baino gutxiago diagnostikatu zioten gaixotasun baten ondorioz. Espainiako Cervantes saria irabazi zuen 2019an, beste aitortza askoren artean.

Margarit Bilboko 'Askoren artean: pido la paz y la palabra' jaialdian, 2012an. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 16a
18:11
Entzun

Gaztelaniaz sortu eta argitaratu zituen bizitzako lehen ahapaldiak Joan Margarit i Consarnau poetak (Sanauja, Lleida, 1938- Sant Just Desvern, Bartzelona, 2021). Alabaina, 1981ean erabaki zuen bere hizkuntzan idatziko zuela, ama hizkuntzan: alegia, katalanez. Halere, poeta «elebiduntzat» zuen bere burua Margaritek, eta gaztelaniaz ere idazten jarraitu zuen: besteak beste, bere olerki askoren bertsioak egin zituen hizkuntza horretan. Horrenbestez, bi literatur sistemek galdu dute azken urteetako erreferenterik behinenetarikoa, edo, hainbatetan esan izan zaionez, itsasargia. Biek aitortu zioten izaera hori, leku batetik zein bestetik heldu baitzitzaizkion sariak. Poetaren familiak adierazi duenez, duela urtebete baino gutxiago diagnostikatu zioten eri baten ondorioz hil da Margarit, 82 urterekin.

1936ko gerra betean jaio zen Margarit, eta, behin gatazka bukatuta, han eta hemen igaro zuen gaztaroa. Rubi (Bartzelona), Figueras (Girona), Girona eta Bartzelonan bizi izan ondoren, familia Tenerifera lekualdatu zen 1954an, eta, bi urte geroago, Margaritek bakarrik egin zuen Bartzelonarako itzulia arkitektura ikasketak egiteko. Ogibide izan zuen arkitektura, aitak bezala. 1963. urtetik, ordea, lanbide teknikoa poetikoarekin uztartu zuen: urte horretan egin zen ezagun poeta gisa, artean soilik gaztelaniaz idazten zuela. Ez zitzaion iruditzen, ordea, bi bideok elkarrengandik oso urrun zeundenik, Nuevas cartas a un joven poeta (Gutun berriak poeta gazte bati) liburuan esan zuenari erreparatuta, behintzat: poetak eta arkitektoak eginbehar bera zutela adierazi zuen bertan; alegia, «estruktura solido bat» sortu beharra zutela. Poesiak ahalik eta hitz gutxienekin lortu behar zuen zurruntasun hori. «Zehaztasun horretatik datorkio bere kontsolamendurako boterea».

Estruktura gogor hori betetzeko eduki are gogorragoak izan zituen Margaritek. Poeta «izakirik errealistena eta pragmatikoena» dela esan zuen behin, «errealitatetik edaten» duelako. Berak ere izan zuen zer edana bere errealitatetik: haurra zenean, aita errepublikanoa atxilo eraman zuten frankistek, eta arreba txikia meningitisak jota hil zitzaion; helduaroan, bi alabaren heriotzei egin behar izan zien aurre. Bizipenak poetikaren lehengai izan zitzaizkion, baina jazoera horietatik kontsolatzeko tresna gisa baliatu zuen orobat jardun literarioa. Eta poesiaren alde hori aldarrikatu zuen 2019an, Cervantes saria irabazi berritan: «Jende bakartia kontsolatzeko egiten dut lan. Eta biztanleriaren %100 da hori, haiek jakin zein ez. Poema batek ezin badu pertsona bat kontsolatu egoera zail batean, ez du batere balio olerki moduan».

Espainiako sari prestigiotsuena izan zen irabazi zuen azkena, baina aurretik trumilka zituen bereganatuak. Jatorrian, 1980ko hamarkadatik ari zitzaizkion aitortza egiten, eta, milurtekoa bukatu baino lehen, hainbat sari eskuratuak zituen, haietako zenbait behin baino gehiagotan. XXI. mendean, Kataluniako sariei nazioartekoak batu zitzaizkien: 2008an Espainiako Poesia sari nazionala irabazi zuen Casa de Misericordia obrari esker, eta Pablo Neruda sari iberoamerikarra ere eskuratu zuen, besteak beste. Instituzioen eta irakurleen oniritzi ukaezina lortuta hil da Margarit, eta haiengana itzuliko da behin eta berriro, legenda hilezkor bihurtuta dagoeneko, Ulises en aguas de Ítaca olerkiko heroia bezala: «Agian urruneko Ulises bat hil zen Troian,/ eta agian negar egingo zuen andreren batek,/ baina poeta itsu baten ametsetan/ salbatzen jarraitzen duzu:/ Homeroren kopetan, zorrotz,/ betiereko, argia urratzen den bakoitzean/ Ulises bakarti bat lehorreratzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.