«Separatismoaren kontrako» legea onartu du Frantziako Asanbleak

Frantziako Senatuan eztabaidatuko dute martxoaren 30etik aitzina. «Kezka» agertu du EH Baik.

Jean Castex eta Gerald Darmanin, Frantziako Asanblean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko otsailaren 17a
11:32
Entzun

Bi asteko eztabaidaren ondotik, lehen baiezko bat eman zion Frantziako Asanbleak «Separatimoaren kontrako» lege proposamenari. 347 diputatuk bozkatu zuten alde, 151k kontra, eta 65 abstenitu ziren. «Errepublikaren printzipioen errespetua indartzea» xede duen legeak polemika eragin ditu azken asteetan Frantzian, oinarrizko hainbat eskubide ukituko dituelako, hala nola irakaskuntzaren ala elkarteen antolakuntza eta erlijioen finantzaketaren gaia. «Lege seguritario eta libertizidoen bitartez», Batasun Nazionalaren ideiak «indartu nahi izatea» leporatu dio Frantziako Gobernuari EH Baik. Martxoaren 30ean hasiko dute lege proiektuaren eztabaida Frantziako Senatuan.

Jean Castex Frantziako lehen ministroak aurkeztu zuen lege proiektua iragan udan, Frantzian gertatutako eraso islamistei aurre egiteko helburuarekin. Lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu zuen «separatismoa» orduan. Izan ere, lege proiektuaren helburua «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea» litzateke, Castexen arabera.

«Gure herria separatismo batek jota dago, eta horietako lehena, islamismoa, gure batasun nazionala sakonki hondatzen ari da», adierazi du Asanbleako eztabaidetan Gerald Darmanin Barne ministroak. «Gaixotasuna izendatzen jakin behar da, botikak aurkitu behar dira», gaineratu du. Ezkerreko oposizioaren zati batek, musulmanak «estigmatizatu» nahi dituela salatu du.

Lege honek «segurtasunean eta indibidualismoan oinarrituak diren jarrerak indartzen ditu» EH Bairen iritziz, eta erantzun politiko, sindikal edo kultural ororen «aurkako frontea» izanen da. «Musulmanen estigmazioaz gain, lege honek, Segurtasun Orokorraren legeak bezala, askatasun publikoak murriztea eta biztanleria gehiago kontrolatzea ekarriko du. Zerbitzu publikoetako langileak, diruz lagundutako elkarteak, hezkuntza erakunde pribatuak edota kultura elkarteak dira ziblatuak». 

Lege proiektuan erabiltzen diren terminoak «lausoak» direla eta «interpretaziorako tartea» uzten dutela uste dute ezkerreko abertzaleek, eta larrialdi egoeran egiaztatu «lerratze kezkagarriak» nabarmentzen direla dio: «dagoeneko ez dira egitateak edo delituak zigortuko, ustezko asmoak baizik. Euskal Herrian eta abertzale gisa, lege paradoxiko berri honen beldur gara, askatasuna mugatu duelako eta eskubideak mehatxatuko dituelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.