Italia

Txertaketa plana eta hezkuntza izango dira Draghiren gobernuaren lehen helburuak

Italiako senatariek gaur gauean bozkatuko dute Draghik proposatutako gobernuaren osaera. Aurretik, lehen ministro hautatuak batasuna eskatu du, eta gobernu berriaren lehen asmoak azaldu ditu.

Mario Draghi Italiako lehen ministro hautatua, gaur, Italiako Senatuan. ROBERTO MODO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 17a
13:15
Entzun

«Inoiz ikusi gabeko larrialdi bati» aurre egiteko batasuna eta konpromisoa: horixe eskatu die gaur Mario Draghi Italiako lehen ministro hautatuak babesa eman dioten alderdiei. Senatuak gaur gauean bozkatuko du Draghik proposatutako gobernuaren osaera —ostegunean egingo du gauza bera Diputatuen Ganberak—, eta, aurretik, bere gobernuaren ildo nagusiak azaltzeko diskurtso bat eman du Europako Banku Zentraleko buru izandakoak. Diskurtso europeista eman du, COVID-19aren pandemian egin du azpimarra, eta senatu osoa zutik txaloka zuela amaitu du.

Sergio Mattarella Italiako presidenteak gobernua eratzen ahalegintzeko eskatu zion Draghiri aurreko astean, eta parlamentuan ordezkaritza duten indar guztiek eman diote baiezkoa hark gobernu berri bat gidatzeari, salbuespen bakarrarekin: kontra agertu da Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdia. M5S 5 Izar Mugimenduko oinarriek ere baiezkoa eman zioten haren izendapenari, eta, posible den arren alderdi horretako senatariren batek gaur ezezkoa ematea, horrek ez dio gobernuaren osaketarekin aurrera egitea oztopatuko Draghiri.

Hori ikusita, pandemiari aurre egiteko arduraz jokatzeko eskatu die lehen ministro hautatuak alderdi horiei, eta bere gobernuaren lehentasunak aurkeztu ditu. Lehena, nola ez, pandemiari aurre egitea; horrekin hasi du hitzaldia: «Gure betebehar nagusia guztiok batera pandemiaren aurka borroka egitea da, modu batera edo bestera herritarren bizia babesteko». Draghik azaldu duenez, bere gobernuak erakusten du babesten duten alderdi guztiak arduraz hartzen ari direla egoera.

«Gerraosteko gobernuek bezala, Italia berreraikitzeko aukera dugu guk, edo, hobeto esanda, horretarako ardura dugu», jarraitu du. Draghik politikariak eta teknikariak uztartuko ditu gobernuan. Nabarmendu du gobernua eratzea posible izan dela Italia Europako Batasunaren parte delako: «Gobernu hau babesteak esan nahi du Italia euroaren aldeko apustu sendoa egiten ari dela». Horrekin lotu du bere gobernuaren lehen erronka: behar adina txerto eskuratzea eta banatzea.

Beste helburuak

Aurrera begira, berriz, Draghiren helburu nagusiak dira «eskualdeetako osasun sistema berritzea eta indartzea» eta «ikastetxeak ahal bezain pronto itzultzea ohiko ordutegietara». Baina gai gehiago ere izan ditu hizpide: klima larrialdearen aurkako borroka, turismoan oinarrituta dagoen sistema ekonomiko baten eraberritzea, Bruselak emango dituen diru laguntzak... Aitortu du datozen hilabeteetan izango duten erronka zailenetako bat izango dela dirua nola banatu erabakitzea, lehentasuna zer sektoreri eman zehaztea.

Amaitzeko, Draghik hitzeman du erreformak egingo dituela zerga sisteman, baita administrazio publikoan eta justizian ere, «haien eraginkortasuna hobetzeko». Eta, azkenik, migratzaileei egin die aipamena: «Italiak oreka bat aurkitu nahi du Europarako sarbide diren herrien arduraren eta elkartasun eraginkorraren artean». Erronka horiek guztiak zailak izango direla esan du, baina «Italiarekiko duten maitasunak» zuzenduko dituela.

Italiako hurrengo gobernuak 23 ministro izango ditu. Gehienak Draghi babestu duten alderdi politikoetako kideak izango dira, baina lehen ministro hautatuak alderdietatik kanpoko teknikariak aukeratu ditu lehentasunezkotzat dauzkan arloetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.