Artea

Jose Grazenea margolaria hil da

Ur taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1965ean, eta bakarkako bidean segitu zuen hurrengo hamarkadetan. 94 urterekin hil da.

Jose Grazenea 2012an, Donostiako Ekain galerian irekitako erakusketan. GARI GARAIALDE / FOKU
Berria
2021eko otsailaren 17a
14:04
Entzun

Hasiberrientzako lehiaketetan gazte hasi zen nabarmentzen Jose Grazenea Agirregomezkorta (Irun, Gipuzkoa, 1927). Sorterrian abiatu zituen pintura ikasketak, eta Madril, Paris, Londres, Alemaniako Wiesbaden eta Europako beste hainbat hiritan barna osatu zuen artista formakuntzaren zeharkaldia. 27 urterekin jarri zuen banakako aurreneko erakusketa, eta, ordutik aurrera, han-hemen joan zen bere obra ikusgai jarriz, erakusketa kolektiboetan zein bakarkakoetan. “Nire artea ez da errealitatearen berehalako interpretazio bat, ezpada errealaren depurazio bat, natura fisikoa itzultzeko beharra sentitu dudalako”, esan ohi zuen artistak bere lanaz. “Zerua, mendia, ura eta areatza, natura estetikoa da hori”. Hondarribian (Gipuzkoa) hil zen atzo, 94 urterekin.

Hain justu, gaztetako lehiaketa horietan ezagututako hiru lagunekin osatu zuen Ur taldea Grazenak, 1965ean: Javier Arozena (Donostia, 1935), Carlos Bizkarrondo (Madril, 1935) eta Alejandro Tapiarekin (Aginaga, Gipuzkoa, 1930). Hamarkada batez aritu ziren taldearen izenpean lanean, eta 30 erakusketa antolatu zituzten elkarrekin. Orduan lortu zuten son handiagoa haien lanek, harik eta 1975ean laukotea banandu eta bakoitzak bere kasa segitu zuen arte.

“[Taldea sortzea] Grazeneari otu zitzaion”, gogoratu zuen Bizkarrondok 2010ean, Donostiako Ekain galerian; haren ideia izan zela laurak bildu eta modu horretan, taldearen indarrarekin, erakusketak egiteko bidea erraztea —sortze urte berean ireki zuten lehena San Telmo museoan—. Grazenea izan ezik, beste hirurak egon ziren Ekainen irekitako erakusketaren aurkezpenean, eta oroitu zuten aurrenekoak izan zirela eurak 1960ko hamarkada hartan artisten talde bat osatzen. Gerora heldu zela, esaterako, abangoardiako Gaur taldea.

Margolariak ziren lauak, eta bakoitzak bere estilora egin arren, espresionismoaren bidetik jo zuten guztiek, batik bat paisaia lantzeko. Gehiegizkoa iruditzen zitzaien errealismoari erantzuteko modu gisa hautatu zuten bide hori. “Paisaia interpretatzeko modua hautsi genuen apur bat, bakoitzak bere aldetik; marrak eta formak soildu, sinplifikatu egin genituen”, azaldu zuen Bizkarrondok.

Grazeneak erakutsi zuen abstrakziorako joera handiena. “Pintura musikalagoa da harena”, deskribatu zuen Bizkarrondok. Egun, haren obrak Euskal Herriko zein atzerriko hainbat museo eta bildumatan daude gordeta: San Telmo museoan, Irungo eta Donostiako udaletxeetan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Wiesbadengo Kultura Ministerioan, eta beste. 2012an, haren lanekin erakusketa bat zabaldu zuen ostera Ekain galeriak, eta Irungo Menchu Gal aretoak beste bat 2018an, margolariaren seme eta artista Iñaki Grazenearen komisariotzapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.