Adierazpen askatasuna

Istiluak Bartzelonan eta Madrilen, Haselen askatasuna eskatzeko protestetan

Mobilizazio baketsuen ostean, poliziek eta mossoek talka egin dute manifestariekin, eta osasun zerbitzuek jakinarazi dute neska gazte batek begia galdu duela foam jaurtigai batek eragindako zaurien ondorioz. CUPek ohartarazi du agenteen jokabideak Kataluniako Gobernua osatzea zailduko duela.

Haselen askatasuna eskatzeko Bartzelonan gaur egindako manifestazioa. E. FONTCUBERTA / EFE
Paulo Ostolaza - Ander Perez Zala
2021eko otsailaren 17a
15:35
Entzun

Bigarren egunez jarraian atera dira kalera milaka lagun Pablo Hasel rap kantariaren atxilotzea salatu eta bere askatasuna eskatzeko, Madrilen eta Bartzelonan. Mobilizazio baketsuen ostean, poliziek eta mossoek talka egin dute manifestariekin: Espainiako hiriburuan, protestariak Sol plazara iritsi direnean hori ixtea erabaki du Poliziak, eta orduan hasi dira.

Kataluniako hiriburuan, berriz, mossoen oldarraldiak izan dituzte, batez ere Urquinaona plazaren inguruan eta Eixample auzoan, eta protestariek hainbat objektu botata erantzun diete. Kataluniako beste hainbat hiritan ere izan dira mobilizazioak.

Haselen herenegun eraman zuten kartzelara, «terrorismoari gorazarre» eta «Koroari eta [Espainiako] estatuko erakundeei irain» egin izana egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ezarri zizkion, eta iragan ostiralean amaitu zen kartzelan bere burua aurkezteko epea. Halakorik ez zuela egingo iragarrita, Lleidako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) itxi zen musikaria herenegun. Mossoak bertara sartu ziren atzo goizean, eta protesta artean eraman zuten atxilo, Lleidako Ponent espetxera.

Horri begira, agenteek rap kantaria atxilotzean izandako jokaerak Katalunian gobernu berria osatzea zail dezake. Hala esan du Maria Sirvent CUPeko ordezkariak, gaur egin duten agerraldian. Indar antikapitalistako hainbat ordezkari izan ziren atzoko manifestazioan, besteak beste, Dolors Sabater parlamentuko hauteskundeetarako zerrendaburua. 

Manifestazioak ez ziren Bartzelonan bakarrik izan. Hainbat protestatan, halaber, istiluak izan ziren; tartean, Bartzelonan bertan, Vicen, Gironan, Lleidan eta Reusen. Poliziaren iturrien arabera, hemezortzi lagun atxilotu zituzten, eta 33 zauritu ziren; horien erdiak, agenteak. Osasun zerbitzuek gaur jakinarazi dute Poliziak atzo foam jaurtigai batekin jo zuen 19 urteko neskak begia galdu duela; hura izan zen zauri larrienak izan zituena.

Istilu larrienak Vicekoak izan ziren. Han, hainbat Mosso zauritu zituzten, eta manifestariak komisarian ere sartu ziren. Gauerdian hara bertaratu ziren Miquel Sanper Barne kontseilaria eta Josep Lluis Trapero Mossoen burua. 

Ondo bidean, ERC izango da Kataluniako Gobernua osatzeko arduradun nagusia. CUPekin elkartu da gaur, eta bi alderdiak bat etorri dira datorren koalizioak «ezkerrera egiteko eta errepublika katalanari begira» aurrera jarraitzeko beharrean: «Negoziazioak irekitzeko hitzordua izan da», zehaztu du bozetan Pere Aragones zerrendaburu izan duen alderdiak. 

Aurrez, Sirventek argi utzi du mahai gainean jarriko duten gaietako bat dela gobernuak aplikatzen duen segurtasun modeloa: «Disidentzia politikoak nolako erantzuna duen ikusita, zaila egiten zaigu gainontzeko alderdi subiranistekin bat egitea».

CUPek kritikatu egin du mossoen atzoko jarrera. Generalitatearen aldetik «beste zerbait» espero zutela aitortu dute, eta gaitzetsi egin dute Kataluniako Gobernuak eta mossoek Espainiako Justiziaren aginduak onartu izana. Horregatik, Sirventek gogoratu ditu CUPek joan den legegintzaldian Mossoen jokabidea zuzentzeko egindako proposamenak, eta esan du agintariak krisi sozioekonomikoa eskubideak murrizteko baliatzen ari direla: «Egungo segurtasun modeloa goitik behera aldatzea eskatuko dugu».

«Haseli laguntzeko gaude»

Sirventekin batera izan da agerraldian Xavi Pellicer CUPeko diputatua. Hark babes osoa erakutsi dio Haseli, baita atzo haren alde mobilizatu ziren guztiei ere: «Injustizia honen aurrean Pablo Haseli behar duen guztian laguntzeko gaude, eta mobilizazioekin jarraitzera animatu nahi ditugu herritarrak», gehitu du. 

Hasel berehala askatzeko eskatu dio Pellicerrek Madrili, eta ardura haiena dela azpimarratu du. Kataluniako politikari eta kulturgileen aurkako erasoak geratu behar direla esanez amaitu dute agerraldia CUPekoek: «Jokoan dagoena adierazpen askatasuna da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.