Beste zigor bat ezarri diote Pablo Haseli

Haren aurkako bi urte eta erdiko espetxe zigorra berretsi du Lleidako Probintzia Auzitegiak, ustezko polizia indarkeria kasu batean udaltzain baten alde deklaratu zuen pertsona bati «mehatxu egiteagatik». Rap kantariak helegitea aurkeztu dezake Gorenean.

Haselen askatasunaren aldeko elkarretaratzea, Lleidan. RAMON GABRIEL / EFE
2021eko otsailaren 18a
17:01
Entzun

Pablo Hasel rap kantariaren espetxeratzearen aurkako protestek, besteak beste, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Euskal Herriko kaleak bete dituzte, eta mobilizazio gehiago espero dira datozen egunetarako ere. Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoari gorazarre» eta «koroari eta estatuko erakundeei irain» egiteagatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorrera zigortu zuen, eta asteartean atxilotu zuten, kartzelan sartzeari uko egin ostean. Gaur, Lleidako Probintzia Auzitegiak haren aurkako beste zigor bat berretsi du: bi urte eta erdikoa, Lleidako (Herrialde Katalanak) udaltzain baten aurkako epaiketan, poliziaren alde deklaratu zuen pertsona bati «mehatxu egitea» egotzita. Haselek Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera du. 

Lleidako Epaitegiak justiziari oztopo egite, mehatxu eta egitezko tratu txar delituak egotzi zizkion rap abeslariari, eta Probintzia Auzitegiak lehen biak berretsi ditu —egitezko tratu txar delituengatik ezarritako isuna ekonomikoa zen—. Oraindik ez du, ordea, zigorra bete beharko duen ebatzi. Baiezkoaren alde eginez gero, egun betetzen ari den bederatzi hilabeteko espetxealdiari gehituko zaizkio kartzela egunak. Gainera, ebazpen berri horrek Haselen espetxe sailkapenean eta, ondorioz, hirugarren gradua eskuratzeko aukeretan eragin dezake.

Zehazki, adingabeko bati eraso egiteaz akusatutako udaltzain baten epaiketan, poliziaren alde deklaratu zuen pertsona bati mehatxu egitea egotzi diote. Twitter sare sozialaren bidez, Haselek salatu zuen Lleidako Udaltzaingoak «testigu faltsu bat erosi» zuela, «jipoi bat eman zioten kide baten aurka deklaratzeko», eta haren argazki bat jarri zuen.  Horrez gain, ebazpenean azaldu dute kalean eginikoa aurpegiratu eta mehatxu ere egin ziola. Epaiketa hartan, agentea absolbitu egin zuen epaimahaiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.