Musika

Gorka Knorr: «Gitarrista laguntzaile bikaina zen Pertur. Harmonia fina jartzen zien kantei»

Gaur 50 urte bete dira Gorka Knorrek lehenengo kontzertua eman zuenetik. Abeslari eta politikariak sare sozialetan zabaldu ditu argazkiak: Gasteizko Iradier mendizale elkarteko aretoan abesten ari da, gero desagerraraziko zuten ETA pm-ko kidea gitarrarekin lagun zuela.

Edorta Gonzalez de Matauko, Pertur eta Gorka Knorr (zutik) aurkezten, Iradier mendi elkartean, 1971eko otsailaren 19an emaniko kontzertuan. GORKA KNORREK UTZITAKOA
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 18a
17:11
Entzun

Gaur mende erdia beteko Gorka Knorr kantugile-abeslariak lehenengo kontzertua eman zuela. Gasteizko Manuel Iradier Elkartean izan zen, eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur izan zuen lagun gitarrarekin.

Musikazalez inguraturik hazi zen Knorr. Pianoa zen Natxo anaiaren tresna, eta gitarra Jon anaiarena. Baina gitarra jotzen ikasi, Perturrekin ikasi zuela adierazi du Knorrek. 1968. urtean ezagutu zuen hura. Harreman handia zegoen bi familien artean. Gero euskaltzain izango zen Enrike Knorr anaiak (2008an hila) Perturren anaia Alvarorekin ikasten zuen. Gorkak berak Perturrekin ikasten zuen, ESTE unibertsitatean (EUTG izena du gaur). «Egunero joaten nintzen haren familiak Getaria kalean zuen etxera».

Pertur «oso gitarrista fina» zela adierazi du Knorrek. Hark ordurako bazuen rock talde bat: Los Amis. Donostiako Mundaizko Jesuiten mezetan jotzen zuten. «Ezkerra zen Pertur, eta horregatik ezin nuen haren gitarra erabili, eta niretzako beste bat erosi behar izan nuen».

1970eko maiatzaren lehenengo manifestazioan atxilotu zuen Poliziak Knorr, eta Martuteneko espetxean sartu zuten. «Espetxeko zuzendariari idatzi nion eskatzeko gitarra kartzelan sartzen uzteko. Eman zidan baimena, baina bakarrik erizaindegian jotzeko». Han sortu zituen Knorrek bere lehen abestiak.

Gorka Knorrek Martuteneko espetxeko zuzendariari idatzitako agiria, gitarra kartzelan sartzen uzteko eskatzen.GorkA Knorr

Berriz espetxetik pasatu ondoren, hurrengo urtean kalean zen Knor. Eta orduan eduki zuen aukera lehenengo kontzertua emateko, Iradier mendizale elkartean. Knorrek kontatu duenez, Edorta Gonzalez de Matauko filosofia ikasle eta lagunak aurkeztu zituen bi musikariak. Gero Oskorrik famatuko zuen Aita semeak kanta egin zuten, eta, Laboaren bertsioez gain, bere piezak abestu zituen Knorrek. Horietako bat Txakurrak zuen izenburu. «Bi hanketako txakurrak esaten du kantak». Horrez gain, Resurreccion Maria Azkueren bertso batean oinarrituriko kanta bat.

Lehen emanaldiaren beste irudi bat: Pertur eta Knorr.Gorka Knorr

Joseba Azkarraga zegoen orduan Iradier elkartearen zuzendaritzan, eta mugimendu abertzalearen gune bat zen.

Kontzertu arrakastatsua izan zen: ehun bat entzule bildu zituzten elkartearen aretoan. Gero, Lakuntzan (Nafarroa), Aramaion (Araba) eta beste hainbat herri txikitan jotzeko aukera eduki zuen Knorr-Pertur bikoteak. «Gitarrista laguntzaile bikaina zen Pertur. Harmonia fina jartzen zien kantei».

Bultzada handia

Gasteizko kontzertu hark «bultzada handia» eman zion Knorren musika ibilbideari, hark azaldu duenez. «Lehenengo pausoa beti da garrantzitsua». Izan ere, Iradier elkarteak antolatzen zuen urtero Mairulegorretako kobazuloko (Zigoitia, Araba) Euskal Jaian, eta, ordutik Knorr urtero gonbidatzen zuten han jotzera. «Garrantzitsuenek jotzen zuten han: Benito [Lertxundi], Xabier [Lete]».

1973an, Lourdes Iriondorekin, Leterekin eta Lertxundirekin batera kontzertua eman zuen Knorrek Gasteizko Guridi antzokian. «Hortik aurrera askoz errazagoa izan zen niretzat, nire aita eta ama pontekoak izan baitziren».

Knorr, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin, Gasteizko Guridi antzokian, 1973an.Gorka Knorr

Baina Perturrekin osatzen zuen musika bikoteak ibilbide laburra eduki zuen. 1972an, Perturren ihes egin behar izan zuen Iparraldera. ETA pm-ko kidea zen.

Knorrek ez zuen Pertur ikusterik izan 1973ra arte. Izan ere, Espainiako Poliziak pasaportea ukatzen zion, «abeslari abertzale arriskutsua» zelakoan, Knorrek berak kontatu duenez. Baina, halako batean, 1973an «nahaste bat gertatu zen Poliziaren bulegoetan, eta pasaportea eman zidaten». Horrekin, Lapurdira joan, eta Saran ikusi zuen musikakide ohia.

Pertur 1976ko uztailaren 23an desagertu zen, eta oraindik ez dago argi nola. Bertsio baten arabera, indar parapolizialek desagerrarazi zuten. Triple A (Alianza Apostolica Anticomunista) erakundeak hartu zuen bere gain. Perturren familiak, berriz, ETA (pm)-ko Komando Bereziei leporatu izan die erantzukizuna, talde barneko ika-mika ideologikoak zirela medio.

Desagertu baino bi aste lehenago ikusi zuen Knorrek Pertur azkenekoz. Donibane Lohizunen (Lapurdi) abestu zuen Knorrek, eta, ondoren tren geltokira eraman zuen iheslaria. «'Ea laster ikusten dugun elkar beste aldean', esan zion neure amak», kontatu du abeslariak. «'Ez dakit, Teresa', erantzun zion Perturrek; 'astakilo hauekin edozein gauza gerta daiteke'». Knorrek kontatu du ETA pm-ko kideak etxean sartu zitzaizkiola Perturri, gauzak miatu, eta traidoretzat jo zutela.

Gaur 50 urte emaniko kontzertu hartan musikaren munduan sartzen lagundu zion gitarrista ezker finarekin zer gertatu zen ez jakitea... «bihotzean, beti eramango dut min hori».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.