Euskara

Iruñeko Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimototsi jarritako betoa baliogabetu dute

Nafarroako Administrazio Auzitegiak partzialki aintzat hartu du Navarra Sumak ikuskizuna bertan behera uztearen aurka pailazoek jarritako helegitea. 2019ko azaroaren 29an zen egitekoa, Baluarte auditoriumean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots. IDOIA ZABALETA / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 19a
12:02
Entzun

Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotots 2019ko azaroaren 29an Baluarte auditoriumean egitekoa ziren Bizi dantza ikuskizuna, argudiatuz kontratua ez zela «legezkoa». Bi aste lehenago eman zuen erabakiaren berri. Navarra Suma buru duen udal gobernuaren «zentsura» salatu zuten pailazoek, eta erabakiari helegitea jarri zioten. Bada, pailazoen errekurtsoa partzialki aintzat hartuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du bertan behera uztea ikuskizuna baliogabetzeko udalak hartutako erabakia. EH Bildurentzat, auzitegiaren iritziz «ilegala» izan zen udalaren jokabidea, eta, hortaz, Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotziaren dimisioa eskatu du.

Koalizio independentistak plazaratu du auzitegiak joan den otsailaren 4an sinatutako autoa. Maria Jesus Balana Asurmendi magistratuak idatzi du, eta ez du kontuan hartu pailazoek kontratua betetzeko egindako eskakizuna. Ebazpenaren arabera, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek kalte ordaina jasotzeko eskubidea dute, eta kontratuan zehaztuta zegoen prezioaren %6 izan behar du. Udalak, nahiz izanez gero, bi hilabeteko epea du helegitea jartzeko.

2019ko azaroaren 15ean eman zuen erabakiaren berri udalak, eta debekatu izanaren erantzukizuna EH Bilduri egotzi zion Kultura zinegotziak. Orduan adierazi zuenez, kontratua «era irregularrean» sinatu zuen aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik: «Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta adjudikazioa onartzeko ebazpen bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa. Horrek agian balio lezake pailazoak bere etxean kontratatzeko, baina udal administrazioan ez du legezko baliorik». Garcia Barberenak esan zuen auzia Nafarroako Kontseiluaren esku utziko zuela. «Nafarroako Kontseiluak erabakiko du ikuskizuna bertan behera utzi izana egokia den ala ez, baina, ordura arte, udalak ez du ezer eginen».

[YouTube]https://youtu.be/BgU-PBnGC2Y[/YouTube]

Nafarroako Kontseiluak arrazoia eman zien pailazoei eta aurreko gobernu taldeari: kontratua legezkoa dela esan zuen, eta debekua «bidegabea» zela berretsi. Azaroaren 27a zen. Nolanahi ere, ebazpenari entzungor egin, eta kontratua eten zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak. Erabakiak hautsak harrotu zituen, eta kontra agertu ziren, talde politikoez gain, euskalgintzako eragileak. Belokik BERRIAri adierazi zion Garcia-Barberenak esanikoak «aitzakia hutsa» zirela, Navarra Suma koalizio espainiazalearen «euskarafobia» disimulatzeko: «Ez da kasu bakan bat. Euskararen ordenantza atzera bota eta hizkuntz politikan azken urteetan eginiko urratsak ezeztatu nahi ditu Navarra Sumak».

Maiaren adierazpenak

Hain zuzen, polemika piztu eta egun gutxira, azaroaren 20an, Maiak hau adierazi zuen kazetarien galderei erantzunez: «Iruñeko alkatea naizen bitartean, ez ditugu kontratatuko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak». Erantsi zuen pailazoak «ezker abertzalearekin lotuta» daudela. Horri heldu dio gaur EH Bilduk, auzitegiaren erabakiari buruzko balorazioan: «Zinegotziak dimititu egin beharko luke, frogatuta gelditu baita legezko kontratazio bat bertan behera utzi zuela arrazoi ideologikoengatik». Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak argudiatu du ezin izan dela frogatu, Maiak esan bezala, «ezaugarri politiko edo ideologiko» jakin batzuk dituzten taldeak edo kolektiboak ordezkatuz edo haien zerbitzuan egitekoa zela Bizi dantzan ikuskizuna.

Aste batzuk lehenago agindu bezala, ikuskizun hori bera egin zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean, udalaren laguntzarik gabe, Anaitasuna kiroldegian, 2019ko abenduaren 21ean. 2.500 bat lagun bildu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.