Erakusketa

Gorputzak dituen askotariko harremanak ikusgai Guggenheimen, Alex Reynolds-en bideogintzaren bidez

Artista bilbotarraren hiru pieza biltzen ditu Film & Video programako urteko lehen erakusketak: ‘Bada lege bat, esku bat, abesti bat’. Ekainaren 20ra arte bisitatu ahal izango da. Ikus-entzunetako bat, ‘Eskua kantari’, museoak koproduzitu du

Alex Reynolds artista bilbotarra erakusketaren aurkezpenean, goizean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 19a
17:49
Entzun

Enbor baten xehetasun plano estatikoak hasieran, eta, hondoan, xuxurlak eta txorien doinuak, besteak beste. Esku baten plano itxiak ondoren, soinu horien erritmoan hatzen koreografia bat finkoa izateari utzi dion kamara batek grabatua. Gisa horretako xehetasunek ardazten dute Alex Reynolds-en Eskua kantari pieza, Guggeheim museoan dagoeneko bisitatu daitekeena. Aretoaren sarreran kokatutako Palais ikus-entzunezkoak eta Justine soinu piezak biribiltzen dute Bada lege bat, esku bat, abesti bat erakusketa. Museoko Film & Video programaren aurtengo lehen proposamenak dira artista bilbotarraren hiru obra berri horiek, eta ekainaren 20ra bitarte egongo dira ikusgai.

Reynolds-en lana museoan erakutsi ahal izateak «poz berezia» eragiten diola adierazi du Juan Ignacio Bidarte zuzendariak. Artistaren lanaren oinarrian dago «lengoai zinematografikoaren bidez harreman eta afektu moduak azaltzea», Bidartek azaldu duenez, eta hiru obra horiekin ere beste horrenbeste erdietsi du bilbotarrak. Pieza bakoitzak erakusten dituen harremanez gain, lanen artean ere gisa horretako loturak sortzen dira; «soinuak batzen ditu bereziki» obrok, Alex Reynolds-ek jakinarazi duenez. Hala, nahiz eta euskarri digitalean erakutsitako lanak izan, aurrez aurreko esperientzia «ezinbestekoa» deritzo Manuel Cirauqui komisarioak. «Ezin da online ikusi, energiak eta bibrazioak kutsatu egiten baitira aretoan».

2020an ondu zituen Reynolds-ek Palais ikus-entzunezkoa eta Justine soinu pieza, eta aurtengoa da, berriz, Eskua kantari. Guggenheimek koproduzitu du azken hau, eta estreinakoz ikusi ahal izango da erakusketan, «mirariz» bada ere, artistak onartu duenez. Alma Sodeberg koreografo suediarrarekin elkarlanean sortu du lana Reynolds-ek, baina joan-etorrien mugek zaildu egin diete bideoaren ekoizpena. Bruselan bizi da Reynolds, baina pieza osoa Extremaduran (Espainia) grabatzea zuen asmoa; azkenean, bizitokian ere grabatu behar izan du. «Ezin izan gara batu editatzeko. Lorpena izan da pelikula bukatu ahal izatea».

Oztopoak oztopo, obra «argitsua eta musikala» erdietsi dutela nabarmendu du artistak. «Txikitasunean jartzen du arreta, harremanetara ireki ahal izateko», dio. Komisarioak ere piezaren «detaile maila altua» azpimarratu du. «Osagai sofistikatuak ditu, soinuaren pertsonifikazioa egiten du kasik. Kalitate eta ezaugarri bereziak ditu». Halaber, bideoaren muntaketa «zehaztasun handiarekin egin» da, Cirauquiren arabera, «Reynolds-ek ohi duen bezala». Bestalde, sorkuntzak izan dituen kolaborazioak «obraren alde kolektiboaren ospakizuna» iruditu zaizkio komisarioari.

Piezak batuta

Justine «etengabe bibratzen ari den objektu batek osatutako pieza» da, artistak azaldu duenez, eta bi ikus-entzunezkoen arteko «giltzarria» ere bada. Reynolds-en lagun baten «soinu bidezko erretratua» dela zehaztu du komisarioak, haren ahots tonuaren arabera bibratzen baitu objektuak, hau da, diapasoiak. «Normarekin» zerikusia duela nabarmendu du Reynolds-ek, diapasoia instrumentuak afinatzeko gailua baita; alegia, «ezerk gozakaiztu ez dezan arau bat ezartzen duen tresna». Artistak azaldu duenez, garai batean diapasoiaren bibrazio estandarra igotzen hasi ziren, baina, langa berrietara ezin helduta, kexatu egin ziren abeslariak; ondorioz, egungo 440 hertziotan ezarri zuten estandarra. «Legeak gorputzekin duen harremanen adibide bat da», Reynolds-en arabera.

Justine-ko diapasoiak, ordea, 422 hertzioetara bibratzen du. Hori lortzeko, Reynolds-ek objektua «limatu, moztu eta beste zenbait modutan aldatu du», Cirauquik azaldu duenez. Dena den, norma estandarretik aldentzen dela begitandu arren, beste arau bat ezartzeko saiakera ere bada, artistak dioenez: «Erretratu samurra da, alde batetik, baina, bestetik, tiranikoa da pertsona bakar batetik abiatuta arau bat sortu nahi izatea. Pieza anbibalentea da».

Normaz dihardu, halaber, Palais bideoak. Bruselako Justizia Jauregian filmatuta dago, hango korridore eta ertzetatik barrena aritu baitzen Reynolds «ezkutatuta» zeraman kamera batekin. Komisarioaren hitzetan, «espazio normatiboei buruzko oharra» da lana, baita «burokraziaren aberrazioaren karikatura» ere, artistak gaineratu duenez: «Eraikinak konfusioa eta ezinegona eragiten du gorputzean. Toki izugarriak ditu. Atal zinematografikoari dagokionez, bideoa berez editatzen da: plano sekuentzia oso luzeak ditu, baina eraikinak eskaintzen ditu mozketak, tokiak oso aldakorrak baitira». Ezaugarri horiek «beldurrezko pelikularen» kutsua ematen diote Reynolds-en obrari, Cirauquiren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.