'GAL AUZIA'

Fiskalak Auzitegi Nazionalari igorri dio Gonzalezen aurkako salaketa, datu berri batzuetan oinarrituta

Juan Kalparsororen idatziaren arabera, GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsona batzuen balizko parte hartzea» ondorioztatzen da salaketatik.

Felipe Gonzalez, 2003ko apirilean, Valladoliden eginiko mitin batean. NACHO GALLEGO / EFE
Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
2021eko otsailaren 19a
19:02
Entzun

Urtarril hasieran, Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak, eskaera bat egin zion Gipuzkoako Fiskaltzari, iker zezan zer lotura izan zuen Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin. Aurkeztutako egitasmoarekin, Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, «ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik». Juan Kalparsoro Gipuzkoako fiskalburuak gaiaz emandako idatzia eskuratu du BERRIAk. Otsailaren 5eko data dauka, eta, idatziaren arabera, Gipuzkoako fiskalburuak Auzitegi Nazionaleko fiskalari bidali dizkio tramiteak, aintzat hartuta dokumentazio berria aurkeztu dela auziaren inguruan.

Dokumentazio hori zerrendatu du fiskalak bere idatzian: batetik, CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren 1984ko txosten bat, iazko ekainean zabaldutakoa, Felipe Gonzalezek «terroristei legetik kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena. Bestetik, GALen lehen ekintzen aurretik Bilboko Ercilla hotelean eginiko afari bati buruzko informazioa, Pilar Cernuda kazetariak El Presidente liburuan argitaratua; horretan, Gonzalezek esan zuen «terroristak beren arma berberekin txikitu» behar zirela.

Horrez gain, Robert Pandraud 1986 eta 1988 bitartean Frantziako Segurtasun ministro delegatua izandakoaren adierazpen batzuk ere jaso dituzte, 1990ean elkarrizketa batean eginak; horietan, Pandraudek Gonzalezekin eta Jose Barrionuevo Espainiako orduko Barne ministroarekin eginiko bilera bat aipatu zuen, eta azaldu bilera horren ondorioz jo zela amaitutzat GALen jarduera. Era berean, CESIDen 1983ko uztaileko bulego ohar batzuk ere aurkeztu zizkion Zabalak Kalparsorori. Horietan idatzita ageri da ETAri aurre egiteko modu «gomendagarriena» zela «bahiketa bidez desagerraraztea».

Idatzian, fiskalak adierazi du «datu eta informazio berriak» aurkeztu dituela Zabalak, eta haren salaketatik ondorioztatzen dela GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsona batzuen balizko parte hartzea». Prozedura Kriminalaren Legearen 773.2. artikuluari erreferentzia egin dio Kalparsorok salaketari bide emateko; horren arabera, fiskalak «jardunaren artxiboa dekretatuko du, egitateak delitu ezaugarriak ez dituenean [...]. Bestelako  kasuan, instrukzio epaileari kasuan kasuko prozedura hasteko eskatuko dio, eta, horretarako, jardun osoa igorriko dio». Auzia artxibatu beharrean, Kalparsorok Auzitegi Nazionaleko fiskalari igorri dio informazioa, argudiatuta auzitegi hori dela gisa horretako delituak ikertzeko organo eskumenduna, eta hura izan zela GALen eta Joxi Zabala eta Joxean Lasaren torturen, bahiketen eta hilketen auzia ikertu zuena, eta, beraz, hari dagokiola salaketa berria aztertzea.

Fiskalari bidalitako eskarian, Zabalak azaldu zuen dokumentu horiek zera adierazten dutela: Frantziako eta Espainiako inteligentzia zerbitzuek informazioa daukatela Felipe Gonzalezek GALen «sustapenean edo, gutxienez, sorreraren onespenean» parte hartu izanaren inguruan. Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik. Atentatu haren atzean Espainiako Barne Ministerioa zegoela adierazi zuen Jose Amedo GALeko buru izandakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.