Transexualitatea

Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko

Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Transexualen alboan egon nahi dute haien prozesuak iraun bitartean, «ahaldunduta eta indartuta» gizarteratu daitezen identitate berriarekin.

Brayan Altimasberesek eta Mash Elizalde. LEYRE CARRASCO
2021eko otsailaren 21a
08:14
Entzun

Andoaingo Leitzaran institutuan Gizarteratzea zikloko ikasketak egin zituzten iaz Brayan Altimasberesek (Hernani, 1996) eta Mash Elizaldek (Iruñea, 1999). Altimasberesek euskarazko taldean, eta Elizaldek gaztelaniazkoan. Biak dira mutil transexualak, eta biek egin dute trantsizioa helduaroan, baina, ikaskideak izan arren, oraintsu arte ez dute izan elkarren berri. «Erreferenterik gabe eta bakarrik egin behar izan dugu bidea», esan du Altimasberesek. Egoera berean egon daitezkeen pertsonek prozesua lagunduta egin dezaten sortu dute Loratuz Lotu Euskal Herri mailako elkartea.

Ikasketek emandako aukera baliatu zuten aurreko ikasturtean azterketa bat egin eta gizarte arloko proiektuaren oinarriak finkatzeko. «Ikusi genuen haur eta nerabeentzat Naizen elkartea badagoela, baina helduaroan trantsizioa egitea erabakitzen duten pertsonek ez dutela izaten inongo elkarteren babesik», esan du Elizaldek. Ikasketak amaituta, beraz, elkartea sortzeari ekin zioten, ikaskideekin batera. Altismaberes, Elizalde eta Gilen Larrañaga dira, gaur egun, Loratuz Lotu elkartearen arduradunak.

«Interneten izugarrizko aurrerapena egin da azken urteotan, sare sozialetan aise topatu daitezke erreferenteak, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun trantsizioa egiten ari diren horiek harremanetan jartzea», adierazi du Elizaldek. «Gureak bilgune bat izan nahi du, esperientziak saretzeko espazio bat». Elkartea ezagutzak partekatzeko helburuarekin sortu dutela esan du Altismaberesek, haren hitzetan hori baita beldurrak uxatzeko modurik errazena: «Ezezaguna denak eragiten digu ezinegona, baina bide hau egina duten pertsonak ezagutzen dituzunean konturatzen zara badagoela trantsizioa modu osasuntsuan egiterik, zeure buruarekin eta ingurunearekin bakean».

Horregatik aukeratu dute Loratuz Lotu izena. «Hainbeste denboran gure identitatea ezkutuan bizi izan ondoren, geure burua onartzen dugunean, loratzen hasten garenean, orduan lotzen gara besteekin». Harreman osasuntsu eta parekideak izatea ez dago soilik norberaren burua onartzearen mende, Elizaldek esan duenez: «Ulertzen dugu ez dela erraza mundura identitate berri batekin ateratzea. Arazoa ez da gure gorputza, jendearen begirada baizik. Ingurunean eragin beharra dago, trantsizio hori modu naturalagoan eta lasaiagoan egin dezagun».

Gizarteratzeko lana

Behin ikasketak amaitu eta elkartea formalki eratu bitarteko denbora, berriz, euren asmoak ezagutarazteko baliatu dute elkarteko kideek. Aurreko urteko konfinamendu garaian Instagram bitartez transexualitatean aditu diren pertsonekin eta hainbat tokitako transekin zuzeneko solasaldiak izan zituzten. Irailetik hona, bestalde, hainbat ikastetxetan aritu dira azalpenak ematen, eta egin dieten harrerarekin «oso pozik» daude Altismasberes eta Elizalde.

Hezkidetzari garrantzi handia ematen diote biek. «Nabari dugu pixkanaka generoen arteko muga zurrun hori lausotzen ari dela, belaunaldi berriek beste ikuspegi bat dakartela, eta hori, neurri handi batean, Naizen bezalako elkarteek egindako lanari esker lortu da». Altimasberesek zehaztu du, ordea, trantsizioa egiteko ez dagoela adin egokirik. «Norberak erabaki behar du zein den horretarako momentua, eta bide hori egiteko babesa eskaini behar dugu besteok».

Berriki izan diren eraso transfoboak gogoan hartu dituzte Loratuz Lotu elkartekoek. Salaketa argia egin du Elizaldek: «Askotan galdetzen digute nola ote gauden prest gure gorputzarentzat kaltegarriak izan daitezkeen tratamenduak hartzeko eta ebakuntzak egiteko, baina inor gutxik galdetzen du zenbat indarkeria pilatzen den genero arauarekiko disidenteak diren horiengan».

Pertsona ez-binarioak, trantsizio soziala nahiz fisikoa egin dutenak eta pertsona horien gertuko ingurunea artatu nahi ditu elkarteak. «Aholkularitza emango diegu, aukera ezberdinak eskaini; laguntza ematea gure esku ez badago, behar den tokira bideratuko ditugu, baina bakarrik ez ditugu utziko», azaldu du Altimasberesek. Elkarteak ibilbidea hasi berria duen arren, kontsulta egitera gerturatu zaizkie jada lehenengo herritarrak.

Sare sozialen bitartez —Instagram, Facebook, Twitter eta Youtube— egin daiteke harremana Loratuz Lotu elkartearekin, eta [email protected] helbidean ere bai. Hernaniko Udalaren Plaza Feminista baliatzen dute kideek lanerako eta bilkurak egiteko, eta esker on hitzak dauzka Altimasberesek: «Herri honetan lanketa handia egin du mugimendu feministak, eta Aimar Elosegi Moio gaztearen kasuak ere arrastoa utzi du». Vicente Vadillo Francis transexualarena da Euskal Herriko memoria historikoan iltzatuta geratu den beste erailketa bat. Errenterian hil zuen polizia batek, 1979an. Bertan bizi da gaur egun Elizalde. «Francisen eta Moioren lekukoa hartu, eta haiengatik jarraituko dugu guk borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.