AEB-ak

Malcolm X-ren hilketaren ikerketa berriz irekitzeko eskatu dute haren alabek

Ordu hartan eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratuta zegoen polizia agente baten gutunak FBI eta New Yorkeko Polizia Departamentua lotzen ditu heriotzarekin.

jarraia193992.jpg
Iosu Alberdi.
2021eko otsailaren 22a
10:35
Entzun

1965eko otsailaren 21ean hil zuten Malcolm X ekintzailea. Orain, 56. urteurrena baliatu du haren familiak ikerketa berriz irekitzeko eskatzeko. Adierazi dutenez, FBI Ikerketa Bulego Federala eta New Yorkeko Polizia hilketarekin lotzen dituen «froga berri bat» jaso dute; polizia agente ohi batek hil aurretik utzitako gutuna. Hala, hamarkadetako zalantzen ostean, informazio gehiago eman dezakeen edozein froga «sakonki aztertzeko» exijitu dute. 

Aktibistaren alabek azaldu dutenez, Raymond Wood izeneko New Yorkeko polizia agente ohi batek hil aurretik aitortza gutun bat utzi zuen. Gutun horren arabera, agenteak eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratzeko eta liderrak delituak egitera bultzatzeko agindua jaso zuen. Haren senide batek ezagutarazi du idatzia, eta, adierazi duenez, hiriko poliziak eta FBIk eman zioten agindua, mugimendua «ahultzeko» asmoz. «Deitoragarriak eta nire jende beltzarentzat kaltegarriak izan ziren ekintzetan hartu nuen parte. New Yorkeko Polizia Departamentuaren izenean egin nituen ekintzak beldurraren eta mehatxuen pean eginak izan ziren», aitortzen du gutunean.

2011n idatzitako testuan, polizia agenteak onartzen du «jarduera kriminalen frogak aurkitzea» zuela bere eginbeharra, FBIk mugimenduko kiderik entzutetsuenen «izen ona belztu» zezan eta atxilotu zitzan. Hala, azaltzen du, bere nagusien «zuzendaritzapean», gizarte mugimenduetako kideak delituak egitera bultzatu zituela. Besteak beste, Woodek idatzita utzi zuen Malcolm X-ren bi bizkartzain atxilotzen lagundu zuela, hark Audubon Ballroom antzokian —han hil zuten— emaniko hitzaldia baino egun batzuk lehenago. Haren lana omen zen egun hartan ekintzaileak bizkartzainik ez izatea. Horrez gain, Woodek gutunean adierazten du hilketaren xehetasunak ezkutatu zituela Poliziak.

Malcolm X-ren hilketagatik, Islamaren Nazioa taldeko hiru kide akusatu zituzten, eta heriotza zigorra ezarri zitzaien: Khalil Islam 2009an hil zen, eta Mujahid Aldul Halim eta Muhammad Abdul Aziz baldintzapean aske daude. Malcolm X mugimendu hartako kiderik ezagunenetako bat izan zen, baina hilabete batzuk lehenago utzi zuen taldea, eta zenbait mehatxu eginak zizkioten hainbat kidek. 

Kasuak, ordea, ertz gehiago ditu, eta, duela urtebete inguru, Manhattango fiskaltzak adierazi zuen gertatutakoa gainbegiratzen ari zirela, Netflix plataformak zabaldutako dokumental sorta baten ondorioz. Lan horiek zalantzan jarri zituzten zigortutako kideetako biren ustezko egiletzak. Fiskaltza Innocence Project taldearekin bildu zen, orduan. Talde hori AEBetako justizia sistemaren hutsen eta polizia azpijokoen eraginez kartzelatutako lagunen defentsan aritzen da.

Asteburuan, Malcolm X-ren sendiak eginiko agerraldiaren ostean, ikerketak martxan jarraitzen duela jakinarazi du fiskaltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.