Martxoaren 8an zabalduko dituzte eskolak Erresuma Batuan

Murrizketak nola arinduko dituzten iragarriko du Boris Johnson lehen ministroak. Eskolak itxi eta hiru astera, sei lagunerainoko taldeak elkartu ahal izango dira, egoerak hobera egiten jarraitzen badu.

Soho inguruko kaleak hutsik, Londresen, berrogeialdiaren ondorioz. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 22a
11:30
Entzun

Uztailaren amaierarako COVID-19aren aurkako lehen txertoa hartuta beharko lukete Erresuma Batuan bizi diren 50 urtetik gorako herritar guztiek. Hori da Londresen asmoa, behintzat. Txertaketa kanpaina ondo doa herrialdean. Azken datuen arabera, egunean 334.000 lagunetik gora txertatzen dituzte, eta kutsatzeek nabarmen egin dute behera: egunean 9.834 kasu berri atzematen dituzte —joan den astean baino 1.138 gutxiago—. Datu horiek aintzat hartuta, murrizketak arintzeko plana aurkeztekoa da gaur iluntzean Boris Johnson lehen ministroa.

Egitasmoa bera ez dute ofizialki aurkeztu, baina Erresuma Batuko komunikabideek aurreratu dituzte puntu nagusiak. Horien arabera, martxoaren 8an zabalduko lituzkete eskolak, eta haiekin batera eskola kirola. Hiru aste geroago, Aste Santuko oporren garaian, gehienez sei pertsonako bilerak baimenduko lituzkete, beti ere aire zabalean; eta apur bat lehenago, martxoaren 29an, kirol profesionalean aritzen direnak hasiko lirateke, besteak beste tenisean eta saskibaloian aritzen direnak.

Nadhim Zahawi txertaketa kanpainako arduradunak baieztatu du kanpaina bide onetik doala: «Ez ginateke murrizketak arintzeaz hitz egiten ariko kanpaina bide onetik joango ez balitz eta txertoek eragina dutela ikusiko ez bagenu». Oposizioak, baina, salatu du eskolak zabaltzerako prest eduki beharko luketela plan bat ikasleei probak egin eta irakasleak txertatzeko. «Ezin ditugu eskolak ireki eta bi astean berriz itxi. Behin irekita, aurrerantzean ere zabalik egongo direla bermatzeko gai izan behar dugu», ohartarazi du Jon Ashworth laboristak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.