Irlanda

Dublingo Udalak oroigarria jarri nahi dio Mussolini tirokatu zuen emakumeari

Violet Gibson emazteak sudurrean jo zuen diktadore faxista eta Francoren aliatua. Eroetxe batean sartu zuten, hil arte. Irlandako emakumeen historian «dagokion lekua» eman nahi diote oroigarriarekin.

Italiako Poliziak Gibsoni eginiko fitxa. Eskuinean, Mussolini, erasoaren ostean.
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 22a
13:18
Entzun

Joan zen astean eginiko proposamenari baiezkoa eman zion Dublingo Udalaren bilkurak, eta horrekin lehen urratsa egin du. Mannix Flynn zinegotziak eskatu zuen Violet Gibsoni oroigarri bat jartzeko hirian. Historian itzalpean ezkutaturiko emakumezko nabarmen horietako bat da Gibson, haren arabera.

1926ko apirilaren 7an, Benito Mussolini diktadore faxistak Erromako Campidoglio enparantza gurutzatu zuen, jarraitzaileen artean. Ordurako, baziren hiru urte agintean zegoela. Inork ez zuen susmatu jende artean zegoen 50 urteko emakume batek, arropan pistola bat zeukala ezkutatuta, eta harri bat, Mussoliniren autoaren kristala hausteko beharra edukiz gero ere. Gibsonek, tiranoari apuntatu, eta tiro egin zuen, baina hark burua mugitu zuen une horretan, eta balak gutxigatik ez zuen jo buruan: sudurrean jo zion. Bertsio baten arabera, emakumearen pistola trabatu egin zen orduan. Beste baten arabera, bi tiro egin ahal izan zituen.

Mussoliniren jarraitzaileek emakumea jipoitzen saiatu ziren, baina Poliziak erreskatatu egin zuen, eta atxilo eraman zuen.

Italiako agintari faxistek emakumea Ingalaterrara estraditatu zuten, ez zutelako epaiketa Italian egiterik nahi, eta emakumea heroi eta martiri bihurtu.

Northamptongo eroetxean —Ingalaterrako erdialdean— sartu zuten emakumea, eta han bizi izan zen 1956. urtean hil arte. Askotan eskatu zuten hura askatzeko, alferrik.

«Bada garaia Violet Gibson plazan aurkezteko, eta Irlandako emakumeen historian eta Irlandako nazioaren eta herritarren historian dagokion lekua emateko», adierazi zuen Flynn zinegotziak eskaeran. Gibson «antifaxista sutsu» gisa deskribatzen du testuak, eta gaineratzen du Erresuma Batuko Gobernuari eta emakumearen familiari komeni zitzaiela hura erotzat jotzea ekintzaile politikotzat jo beharrean. «Auskalo zergatik, Irlandako establishment-ak, eta, noski, Erresuma Batukoak, hura erabat ahaztea erabaki dute. Ausardiarengatik ikaragarri sufritu zuen emakumeak».

Iaz, Violet Gibson, The Irish Woman Who Shot Mussolini filma (Violet Gibson, Mussolini tirokatu zuen emakume irlandarra) estreinatu zuen Barrie Dowdall zuzendariak. «Hura gizonezko batek egin izan balu, estatuaren bat edo zeozer egongo zen jarrita. Baina emakume bat zenez, eroetxean giltzapetu zuten».

Oroigarria jartzeko eskaera Dublingo Udaleko batzorde batera bidali dute, eta han aztertuko dute martxoan. Onartzen badute, litekeena da Dublingo Merrion plazan jartzea oroigarria, Gibsonen txikitako etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.