Industria

Eratu da Hidrogenoaren Euskal Korridorea

78 erakundek egin dute proiektuarekin bat, eta horietatik 58 dira enpresak.1.300 milioi euroko inbertsioarekin, sei urtean zuzenean 1.340 enplegu eta zeharka 6.700 inguru sortzea espero dute. Hidrogenoarentzako gasbidea egin nahi dute Bilboko Portutik Zorrotzaurreraino, ibaiaren azpitik.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea eratzeko ekitaldia, gaur Euskalduna Jauregian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2021eko otsailaren 22a
14:33
Entzun

BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridoreak mugarri izango duen pausoa eman du gaur Bilbon, Euskalduna jauregian egin den Elkarlanerako Memorandumaren sinadura ekitaldiarekin. 78 erakundek sinatu dute agiria, formalki erakutsiz zer parte hartzea duten proiektu handi honetan. Horietako sei erakundeak dira, hamabi zentro teknologiko eta garapen zentroak, eta gainerako 58ak enpresak dira, proiekturen batean edo batean baino gehiagotan parte hartzeko asmoa dutenak.

BH2C egitasmo handia da, 1.300 milioi euro inguruko inbertsioa egingo baitu 2020 eta 2026 bitartean. Zuzenean gutxienez 1.340 enplegu eta zeharka beste 6.700 sortu nahi ditu. Asmoa da urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, eta karbono dioxido isuriak urtero milioi eta erdi tona murriztea.

«Industriaren aldeko apustua da», esan du Emiliano Lopez Atxurrak, «elkarrekin egin beharrekoa». Petronorreko presidenteak azpimarratu du ez dela lan erraza hidrogenoaren inguruko ekonomia bat sendotzea, ahalegina eta bultzada publikoa eskatuko duela. «Ez da marketin distiraldi bat», esan du, «eta ez gara ekonomia finantzarioaz ari». Lopez Atxurraren arabera, «kontziente izan behar dugu kokapen geografiko pribilegiatua dugula. Atlantikoko euroerregio baten ardatz teknoindustriala gara».

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ere azaldu du Euskal Hidrogenoaren Korridorea Europan gertatzen ari den mugimenduaren parte gisa ulertu behar dela. Europako funtsetarako hautagai sendoa da BH2C, «eta hortik dirua badator, ondo etorriko da aurrera bizkorrago egiteko, baina «egin egingo da, dirurik ez badator ere».

Hala ere, Europako funtsen inguruan baikortasunerako arrastoak eman ditu Raul Blanco Espainiako Industriako idazkari nagusiak, bideo bidez egin duen hitzaldian. Haren ustez, Euskal Korridorea «mugarri bat» da, eta «lehen lerroan» egongo da, «hurrengo urteetan eta hilabeteetan Errekuperazio, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren esparruan gertatuko den guztian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.