Aire segurtasuna

Boeingek gomendatu du 777 modeloko 128 hegazkin lurrean uztea

Hiru aire konpainiak utzi egin diote mota horretako airekoak erabiltzeari, larunbatean AEBetan motor batean su hartu zuen zuen hegazkinaren kasua argitu arte. Azken bi urteak beltzak izan dira enpresarentzat.

Larunbatean su hartu zuen hegazkinaren irudi bat, Denverren (AEB). HAYDEN SMITH / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 22a
16:45
Entzun

Ustekabe beldurgarria eduki zuten joan zen larunbatean Denverko aireportutik (AEBetan) aireratu ziren bidaiariek. Boeing 777 hegazkinaren motorretako batek su hartu zuen. Lurrean zeuden asko ere izutu egin zituen gertakariak, motorretako pieza batzuk hiriko hainbat auzotako etxeen artean erori baitziren. Zorionez, pilotuek beste motorra erabili ahal izan zuten hegazkina berriz aireportura eramateko, eta inork ez zuen minik hartu gertaeran. 231 bidaiari zeramatzan hegazkinak, eta horietako batek bideoan hartu zuen sutea.

Konpainiak berak gomendatu du mota horretako motorrak dituzten 777 hegazkin guztiak lurrean uzteko, ezbeharraren arrazoiak argitu arte. Konpainiaren arabera, 128 hegazkin dira denera. AEBetako United Airlines konpainiak eta Japoniako bi hegazkin konpainia nagusiek erabaki dute motor hori daukaten 56 hegazkin ez erabiltzea.

«Ikertzen ari diren bitartean, gomendatzen dugu ez erabiltzeko Pratt & Whitney 4000-112 motordun hegazkinak, lanean ari diren 69, eta gordeta dauden beste 59», adierazi du konpainiak.

Hegazkinaren turbinako pieza bat etxe batzuen ondoan erori zen larunbatean.Broomfield Police Department / H / EFE

Larunbatean bertan beste ezbehar bat eduki zuen Boeingen hegazkin batek, baina Herbehereetan. Masstricheko aireportutik aireratu zen Boeing 747-400 zama hegazkinaren zatiak askatu eta Meerssen herriaren gainera erori ziren. Kalteak sortu zituzten, eta emakume bat zauritu. New Yorkera joateko aireratu zen hegazkinak Pratt & Whitney motorrak zituen, AEBetan hondaturikoa baino modelo txikiago batekoak. Herbehereetako istripuan ere turbinaren palak izan ziren protagonistak. Metalezko puskek autoak eta etxeak kaltetu zituzten.

Boeingen urte beltzak

Hegazkinak eraikitzen dituen AEBetako konpainiarentzat beste kolpe bat da larunbatean gertaturikoa. Izan ere, 2018 eta 2019 urteen artean, bost hilabeteko tartean, bi istripu eduki zituzten enpresaren 737 Max 8 hegazkin modelo berriek. 2018ko urrian 189 pertsona hil ziren mota horretako hegazkin bat itsasora erori zenean, Indonesian. Hurrengo urtean beste bat amildu zen Etiopian, eta beste 157 pertsona hil ziren. Zenbait ikerketaren arabera, hegazkinaren MCAS sistema informatikoak eragin zituen istripuak. Teorian, pilotuei hegazkina gidatzen laguntzeko jarri zituzten sistema horiek. Ikertzaileek uste dutenez, konpainiak ez zituen ongi kalibratu.

Boeingek 2017an sortu zituen modelo berriok, eta horietako 358 hegazkin zebiltzan hegan munduan, aire konpainiek horiek erabiltzeari utzi arte.

Boeingek galera handiak eduki zituen Wall Streeten. Konpainiaren zuzendaritzak espero zuen modelo horiek diru sarreren %33 ekartzea hurrengo bost urteetan. Izan ere, 4.636 hegazkin egiteko eskaera zeukan.

Azkenean, 18 hilabete lurrean egin ondoren, hegazkinak erabiltzea onartu zuten, sistema informatikoak doitu ostean. Edonola ere, konpainiak salaketa askori egin behar izan die aurre auzitegietan.

Horri gehitu behar zaio hegazkingintzaren industria, oro har, krisi handia pairatzen ari dela, koronabirusaren pandemiak aire garraioa asko murriztu baitu azken urtean, mundu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.