Ekialde Hurbila

Irango Parlamentuak presidentea zigortzeko eskatu du, IAEArekin egindako akordio batengatik

Diputatuek diote gainbegiratze nuklearrei eusteko ituna «legez kanpokoa» dela. Gobernuak erantzun du adostasunak legedia errespetatzen duela, eta ez diela «kontzesiorik egin» AEBei.

Hassan Rohani Irango presidentea, zentral nuklear bat bisitatzen, 2019an. IRANGO PRESIDENTETZA / EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 22a
16:57
Entzun

Kontserbadoreen kontrolpean dagoen Irango Parlamentua haserre agertu da berriz ere herrialdeko gobernu erreformistarekin, oraingoan auzi nuklearraren inguruan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin egindako akordio batengatik. Bi aldeek asteburuan adosturikoaren arabera, erakundearen gainbegiratzeak mantenduko dituzte gehienez hiru hilabetez, baina epe horretan ez da «bisita sorpresarik» izango, itun nuklearreko Protokolo Gehigarriak ahalbidetzen duen bezala. Diputatuentzat, ordea, aldaketa hori ez da nahikoa izan; are, «legez kanpokotzat» jo dute, eta, horregatik, Hassan Rohani Irango presidentea zigortzeko eskatu dute.

Saeed Khatibzadeh Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu du akordioa «alde bikoa, teknikoa eta behin-behinekoa» dela, eta ez dietela «kontzesiorik egin» AEB Ameriketako Estatu Batuei: «Ganberak onarturikoa errespetatzen du». Joe Bidenek presidentetza hartu aurretik, hari presio egiteko, Irango Parlamentuak programa nuklearra garatzeko lege proposamen bat onartu zuen, itun nuklearrak dioenari kontra eginez; hain justu, lau egun lehenago, Mohsen Fakhrizadeh Irango zientzialari nuklear nagusia hil zuten, ustez Israelek.

Diputatuek adosturikoaren arabera, aurretiaz abisatu gabeko IAEAren gainbegiratzeak bihar amaituko dira, eta nabarmen murriztuko dira, baina Rohaniren gobernuak horiek mantentzeko akordioa egin du erakundeko zuzendari orokor Rafael Grossirekin izandako bilkuran. «Lortu duguna akordio bideragarri bat da, baliagarria ditugun desadostasunak gainditzeko. Egoera salbatzen du, oraingoz», Grossiren ustetan.

Hori bai, Irango Gobernuak kamerek grabatzen dutena ezkutatu ahalko du bere azpiegituretako batzuetan, eta, hortaz, horrek zaildu egingo du IAEAren lana, nahiz eta ikuskatzaile kopuruan ez den aldaketarik egongo; izan ere, Teheranek ez du jakinarazi zein eraikinetan egingo duen hori. Finean, IAEAren zuzendari orokorrak azaldu duenez, «sarrera gutxiago» izango dute, baina, halere, «nahikoa eta beharrezkoa».

Mohammad Baqer Qalibaf parlamentuko presidentea da gobernuaren erabakiaren aurka gogorren hitz egin duten politikarietako bat. Asteburuko itunaren edukia edozein dela ere, Qalibafek berretsi du Protokolo Gehigarria ez dela indarrean egongo bihartik aurrera, eta, hortaz, IAEAko ikuskariak ezingo direla azpiegituretara lehen bezala sartu. Gobernuaren eta diputatuen arteko talka erabatekoa da, azken horiek akordioren azterketa juridikoa eskatu baitute: «Ez dugu onartuko lege urraketa hori», ohartarazi du parlamentuko presidenteak.

Bien bitartean, itun nuklearra kolokan dela, Iranek azpiegiturak eraikitzen jarraitzen du. Azkenaren berri iragan abenduan eman zuten hedabideek, satelite bidezko irudiei esker: berritasuna ipar-ekialdeko Fordow izeneko lur azpiko gunean izan zen, eraikitze lan berriak abiatu baitzituzten han; Teheranek ez zuen eman obra horien berri, eta horrek agerian utzi zuen gobernua akordio nuklearrean finkaturikoa ez errespetatzekotan dela oraindik ere.

Zigorrak kentzea

Islamiar errepublikak hainbatetan esan du AEBek zigor ekonomikoak kentzea dela itun horretara itzultzeko lehen pausoa. Hiru hilabeteko epean halakorik egiten badu, Iranek ezkutaturiko datuak partekatuko ditu IAEArekin, Kazem Gharibabadi Teheranen Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak Twitter sare sozialean esan duenez: «Hori egiten ez badute, dena ezabatuko dugu».

Bide beretik jo du Khatibzadehk, adierazita akordiora itzultzeko bidea «argia» dela: «Lehenik, [AEBek] itun nuklearreko betebeharrak errespetatu behar dituzte, eta, bigarrenik, tranpak kendu behar dituzte, hau da, zigor ekonomikoak».

Iranek 2015ean sinatu zuen itun nuklearra AEBekin, Txinarekin, Errusiarekin, Erresuma Batuarekin, Frantziarekin, Alemaniarekin eta Europako Batasunarekin. Akordioan, bere plan nuklearra mugatzea onartu zuen Teheranek, nazioarteko zenbait estatuk eta erakundek haren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke.

Ituna kolokan utzi zuen 2018ko maiatzean AEBek akordiotik irteteko hartu zuten erabakiak; Donald Trump zen presidente garai hartan. Segidan, Irango ekonomia estu hartu duten zigor ekonomikoak ezarri zizkion Washingtonek Teherani. Horren ondorioz, akordioko konpromisoak progresiboki ez betetzen hasi zen Iran, eta AEBen zigorrak konpentsatzeko, urratsak eskatu zizkien gainerako sinatzaileei.

Itunak beste kolpe latz bat hartu zuen iazko urtarrilean, AEBek Qassem Soleimani Guardia Iraultzaileko jenerala eraso batean hil zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.