Kaleratzeak

Ertzaintzak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Tubacexeko langileen protestan

Enpresak 150 langile kaleratu nahi dituela salatzeko, bilkura egin dute beharginek lantegien aurrean, eta poliziak haien kontra jo du. Greba mugagabearen bigarren astean daude langileak.

Tubacexeko langileak eta ertzainak, aurrez arre, gaur, Laudioko plantaren aurrean. MADDI ISASI AZKARRAGA
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 23a
09:39
Entzun

Aiaraldeko Sortuk zabaldu duenez, gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean, eta beste hainbat identifikatu, Laudion (Araba), Tubacexeko langileen kaleratzeen aurka eginiko protestetan. Enpresak 150 langile kaleratu nahi ditu Amurrion eta Laudion dituen bi lantegietan, Araban; hau da, lantaldearen ia %20. Horrez gain, gainerako langileei aldi baterako erregulazioa ezarri nahi diete.

Greba mugagabea egiten ari dira langileak, eta dagoeneko horren bigarren astean daude. Atzo, enpresaren aurrean «pikete handia» egitera deitu zuten, eta gaur goizaldean jendetza elkartu da Laudion. Langileen buzo gorria bihurtu da gatazkaren ikur, eta horietako dozenaka ikusi dira protestan. Langileak lantegiaren aurreko errepidean eseri dira, ertzainen aurrean. Aiaraldeko Sortuk adierazi duenez, ertzainek esan dute «oldartzeko agindua» dutela. «Langileren bat mehatxatu eta bultzaka ibili dira».

Tirabira horietan gutxienez bi langile atxilotu dituztela adierazi dute.

Aiarako Udalak sostengua eman zien atzo Tubacexeko eta Valvospain enpresetako langileei. Elkarrekin Podemosek atzo adierazi zuen Tubacexeko enpresa batzordearekin elkartu zela, haiei sostengua adierazteko. «Gelditu egin behar ditugu enpresaburuen portaera mota hauek, lanpostuak suntsitzen dituztena, milioiak irabazi arren».

Tubacexek 800 langile baititu Aiaraldea eskualdeko bi fabriketan: TTIn eta Aceralavan. Kaleratzeak justifikatzeko, enpresak argudiatu du eskariak gutxitu zaizkiela, pandemiaren ondorioz. «Egiturazko arazoak» dituela esan du zuzendaritzak, azken sei urteetan gasaren eta petrolioaren sektorean jarduera %50 murriztu delako, eta ez duela espero epe motzean lehengoratuko denik.

Langileen ustez, ordea, krisia «behin-behinekoa» da, pandemiari lotutakoa, eta adierazi dute ez dutela kaleratze bakar bat ere onartuko. Grebaren bigarren astean sartu ziren atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.