Euskara

Korrikaren galerari aurre egiteko, diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du AEK-k

Martxoaren 28rako gutxienez 45 ekitaldi antolatuko ditu euskaltegien sareak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 23a
12:32
Entzun

2021. urteak Korrikarena izan behar zuen, baina iazko urrian aurreratu zuten urtebete atzeratuko zela euskararen aldeko ekitaldia. Baina Korrika ez da euskara sustatzeko ekinbidea soilik, AEKrentzako finantza iturri ere bada, eta aurten ekarpen hori gabe geratzea kolpe itzela izango zela esan zion Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak BERRIAri. Galera horri aurre egiteko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du euskaltegien sareak: Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! leloa izango du kanpainak, eta dagoeneko ekarpenak egiteko aukera dago.

Horrez gain,  AEK-k 45 herritan ekitaldi zenbait antolatu ditu martxoaren 28rako. Korrika egun horretan amaituko zen, pandemiak atzerapen horretan eragin izan ez balu. Oraindik ez dute argitu zein motatako ekitaldiak izango diren horiek, eta saio gehiago ere izan daitezkeela ere esan du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Martxo erdialdean zehaztuko dituzte ekitaldi horiek non egingo diren eta nolakoak izango diren. Hala ere, zehaztu du unean uneko osasun egoerara egokitutakoak izango direla. «Xumeak izango dira, eta ezingo dugu nahiko genukeen jende kopurua bildu». Baina Korrikaren hutsunea, nolabait estaliko dute ekitaldi horiek.

Azkenik, Euskal Herriko hiru administrazioei ere gutun bana bidaliko die AEK-k apirilean. Duela 55 urte Rikardo Arregik Euskaltzaindiari helarazi zion gutunaren oinarria gogoratu du Iribarrenek. Orduko hartan, helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi zion Arregik akademiari, eta arlo hori sustatzeko premia nabarmendu. Gutun hori ardatz hartuta, hiru erakundeei gogoraraziko die AEK-k euskalduntze prozesuaren normalizazioan urratsak egiteko garaia dela. Iribarrenek ez du aurreratu nahi izan zein izango den gutun horren edukia, baina oinarri hori izango duela esan du.

AEK-ren funtzionamendurako diru ekarpena

Pandemiak arlo guztietan izan du bere eragina, baita AEKn ere. Euskaltegien sareak, bere egunerokoan aurrera egin ahal izateko, banku finantzabide bat eskatu behar izan du. Hau da, ikasturteari aurre egiteko zorpetu egin behar izan dute. Korrikak eskaini ohi dien diru iturria izango ez dutenez, erabaki dute herritarrei ekarpenak eskatzea. «Jasotzen ditugun diru laguntzak ez dira nahikoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.