Klima larrialdia

Arma industriak sortzen du munduko CO2 isurketen %6

Arma industriak eragindako isurketa horien %67 munduko 23 potentzia nagusiek eragindakoak dira. Klima aldaketak migrazioan duen eraginaz ohartarazi du Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak egindako ikerketa batek. 

Fabrika bat, artxiboko irudian. KIMIMASA MAYAMA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 23a
12:53
Entzun

Munduko CO2 isurketen %6 arma industriak sortutakoak dira. Hala ondorioztatu du Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak arma sektorearen eta klima aldaketaren loturen inguruan egindako ikerketa batek. Arma industriak sortzen duen CO2aren %67, berriz, munduko 23 arma potentziarik garrantzitsuenek bakarrik sortzen dute.

Datu argigarri gehiago ere ekarri ditu ikerketak: 23 herrialde horiek munduko biztanleriaren % 35a bakarrik ordezkatzen dute, baina munduko gastu militarren %82 sortzen dute. Gainera, herrialde horiek dira munduko arma esportatzaile nagusiak: mundu osoko armen %97 igarotzen da haien eskuetatik.

Armak egiteak ez ezik, ordea, bertzelako mugimendu batzuek ere sortzen dute CO2aren zati handi bat: bertzeak bertze, armen energia gastuak, garraioen mobilizazioak, armek sortzen duten hondakin toxikoen kopuruak, eta gerrak suntsitutako azpiegiturak berregiteko egin beharreko lanek. Egun, CO2aren %6a dagokio arma industriari, sektorea garatu ahala, ordea, kopuru hori oraindik eta gehiago haziko dela aurreikusten du ikerketak. Izan ere, klima aldaketaren ondorioek herrialdeek gastu militarrean duten igoera justifikatzeko balio du, ikerketaren arabera.

Ipar hemisferioan daude munduko arma potentzia nagusiak. Eta hegoaldeko herrialdeetako gobernuei ez ezik, bertzelako miliziei ere saltzen dizkiete armak. Hain zuzen, munduko hegoaldean dauden herrialdeek pairatzen dituzte arma horien kalteak. Klima aldaketarekin ere badu lotura horrek; baliabide naturalen galerak, izan ere, horiek lortzeko borrokak eta gerrak eragiten ditu. Ez da kasualitatea klima aldaketa gehien pairatzeko arriskua duten hamaika herrialdeetan gatazka armatuak egotea: Somalian, Afrika Erdialdeko Errepublikan, Hego Sudanen, Afganistanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Txaden, Yemenen, Nigerren, Burundin, Kamerunen eta Burkina Fason.

Klima aldaketa eta migrazioa

Ingurumen arazoen militarizazioa klima aldaketarekin lotutako migrazio mugimenduen hazkundean ere antzeman daiteke. Egun, gero eta gehiago dira klima aldaketak eragindako kalteak direla medio beren herrialdeak uztea erabakitzen dutenak. 2050erako, horiek 200 milioitik gora izango direla aurreikusten du ikerketak. Argitalpenaren arabera, urteko gastu militarraren %10arekin – 0,18 bilioi dolar – klima aldaketarekiko hamaika herrialde ahulenek azpiegiturak garatu ditzakete klima aldaketak sortzen dituen muturreko baldintza meteorologikoen aitzinean babesteko. 

Klimaren aldaketek eragindako urritasunak errefuxiatu berrien agerpena erraztu du, eta, herrialdeetatik irtetean, militarrek itxitako mugekin egiten dute topo. Txostenak, erraterako, zehazten du AEBen eta Mexikoren artean dagoen harresiak eragotzi egiten duela lehorteetan kaltetutako Erdialdeko Amerikako migratzaile askok iparralderako ibilbideak amaitzea. 

Txostenak ondorio argia utzi du: pertsonen segurtasuna ezin izango da bermatu militarizazioak markatutako klima eraldaketaren testuinguruan. Ikertzaileen arabera, larrialdi egoera horren konponbideak «harrera eta zaintza politikak» dira, eta ez armen erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.