Georgia

Georgiako oposizioko burua atxilotu du hango Poliziak

Georgiako epaitegiek joan den astean eman zuten Nikanor Melia Mugimendu Nazional Batuaren burua atxilotzeko agindua, 2019ko ekaineko istilu batzuekin lotuta. Beste 21 lagun ere atxilotu dituzte, atxiloketa oztopatzen saiatzeagatik.

Georgiako Polizia Mugimendu Nazional Batuko kide bat atxilotzen, gaur, Tiflisen. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 23a
13:10
Entzun

Atxilotu dute Nikanor Melia, Georgiako Mugimendu Nazional Batuaren burua. Epaitegiek joan den astean eman zuten hura atxilotzeko agindua, eta erabakiak eragin nabarmena izan du herrialdeko politikan: Melia atxilotuko zutela jakin zenean, Giorgi Gakharia Georgiako lehen ministroak dimisioa eman zuen. Gaur, Meliaz gain, Mugimendu Nazional Batuaren egoitzan beste 21 lagun atxilotu ditu Poliziak, haren atxiloketa oztopatzen saiatzeagatik. Alderdiko kideak eta ekintzaileak dira gehienak.

Melia 2019ko ekaineko istilu batzuengatik atxilotu dute. Errusiaren ordezkaritza batek Tiflisera egin zuen bisita batek protestak piztu zituen; 200 lagun baino gehiago zauritu zituzten, eta Irakli Kobajidze presidentearen dimisioa ekarri zuen krisi hark. Protesta horien auzian 10.000 euroko bermea eskatu zuten Meliarentzat, eta ordaindu ez duelako atxilotu dute. Bederatzi urteko kartzela zigorra eskatzen dute harentzat.

Gakhariaren dimisioaren ostean, epaitegiek emandako atxiloketa agindua bertan behera utzi zuen Georgiako Barne ministroak. Atzo, ordea, gobernu berria eratu duen Amets Georgiarra alderdiak berriz ere martxan jarri zuen atxilotzeko prozesua. Azkenean, gaur, alderdiaren egoitzan sartu da Georgiako Polizia. Agenteek negar gasak jaurti dituzte eraikinaren kanpoaldean. 

Dimisioa eta gobernu berria

Dimisioa aurkeztu zuenean, Gakhariak argudiatu zuen bere gobernuan ez zuela lortu denek elkar ulertzea: «Espero dut pauso honek gure espazio politikoan zatiketa murrizten laguntzea, uste baitut zatiketa eta liskarra direla gure herriak eta garapen ekonomikoak dituzten arriskurik handienak». Gehitu zuen oposizioburuak ez zuela inoiz legea errespetatu eta protesta horietan parlamentuan sartzera deitu zituela herritarrak, baina gaineratu zuen atxiloketak arriskuak dituela eta krisi ekonomikoaren eta pandemiaren kudeaketa zailtzen duela.

Georgiako Parlamentuak atzo onartu zuen Amets Georgiarra alderdiaren gobernu berria, lehengoaren antzekoa. Irakli Garibashvili da lehen ministro berria, eta 11 ministeriotatik bederatzitan pertsona bera da oraindik ministro. Meliaren alderdiak boikota egin zuen, eta ez zuen bozketan parte hartu.

AEBetako enbaxadak gogor kritikatu du Georgiaren jokabidea, eta gaitzetsi egin du AEBek eta nazioarteko hainbat herrialdek egindako «elkarrizketarako deia» baztertu izana: «Georgiak, gaur, atzerapauso bat eman du demokrazia indartsu bat bilakatzeko bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.