Unibertsitateko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak Ipar Euskal Herrian

Hurrengo asteetan makina batzuk jarriko dituzte ikasle egoitzetan eta unibertsitateetako osasun zerbitzuetan, produktu horiek lortzeko. Datorren ikasturterako «erabat doakoak» izatea espero dute.

Konpresak eta tanpoiak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 23a
16:28
Entzun

Unibertsitatean ikasten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak. Hala iragarri du Frederique Vidal Frantziako Goi Irakaskuntza eta Berrikuntza ministroak, Poitiersera (Frantzia) egin duen bisita batean.

Doakotasuna bermatze aldera, iragarri du hurrengo asteetan makinak jartzen hasiko direla ikasle egoitzetan eta unibertsitateetako osasun zerbitzuetan, produktu higieniko horiek lortzeko. Guztira 1.500 makina jartzea espero du Vidalek, eta datorren ikasturterako «erabat doan» izatea bermatu nahi du. Neurri horren bidez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi dio Vidalek. Izan ere, hainbat taldek egindako ikerketa baten arabera, ikasleen herenak laguntza behar dute produktu horiek erosteko.

Frantziako Gobernua ez da gisa bereko erabakia hartzen lehena. Eskoziako Parlamentuak, joan den azaroan, aho batez onartu zuen hilekoari lotutako produktuak doan izan zitezela. Orain, eskualdeen eta udalen ardura da bermatzea tanpoiak eta konpresak, besteak beste, eskura egongo direla «behar dituzten guztientzat». Erabaki hori hartu zuen lehen herrialdea izan zen. Lehenago ere, Eskozia munduko lehen herrialdea izan zen menstruazio produktuak doan jartzen eskoletan eta unibertsitateetan.

Antzeko neurria iragarri berri du Zeelanda Berriak ere: ekainetik aurrera ikastetxeetan dohainik banatuko dituzte produktu higienikoak. Azaldu dutenez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi diote horrela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.