Albistea entzun

Eskozia

Salmondek bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi die Sturgeonen gertukoei

Eskoziako Parlamentuak argitara atera du lehen ministro ohiak emandako alegatuen dokumentu sorta, egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, iragan martxoan, Auzitegi Nagusiak absolbitu ostean.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, iragan martxoan, Auzitegi Nagusiak absolbitu ostean. ROBERT PERRY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2021eko otsailak 23 09:20

Hainbat aste iraun duen borroka judizialaren ostean, Eskoziako Parlamentuak argitara atera du Alex Salmond lehen ministro ohiak ikerketa batzordeari aurkeztu dizkion alegatuen dokumentu sorta, Nicola Sturgeon egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian. Orain arte bezala, Salmond horietan ere gogor mintzatu da Sturgeonen eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren aurka, bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi baitie; batez ere Sturgeonen gertukoei, «asmo txarrez eta era koordinatuan» aritu direlakoan.  

Dokumentu sorta argitara ematea zen Eskoziako lehen ministro ohiaren baldintza bihar parlamentuaren ikerketa batzordean deklaratzeko, eta eguerdi aldera bideak egina zirudien, fiskaltza agertu den arte. Dokumentuetako batean, Salmondek dio Sturgeonek gezurra esan ziola batzordeari, eta, hortaz, Ministroen Kodea hautsi zuela; fiskaltzak uste du epaitegien agindu bat urratu dutela testu hori argitara ateratzeak, eta parlamentuari bere webgunetik kentzeko eskatu dio, horren harira. Gerora berriz jarri dute, baina moldatuta. Horren ondorioz, zalantza sortu da Salmondek bihar agerraldia egingo ote zuen, eta azkenean jakinarazi du ez duela adierazpenik emango; agian ostiralean joango da batzordera, bere abokatuen arabera.

Gobernuburu izandakoaren iritziz, dokumentu sorta hori argitara ateratzea da gertaturikoaren bere bertsioa herritarrei helarazteko modua; berez, ikerketa batzordeko diputatuek hori argitara eramatearen aurka bozkatu zuten bitan, baina parlamentuko administrazioaz arduratzen den taldeak adierazi zuen hori egin zitekeela, eta, borroka judizial baten ostean, hala gertatu da.

Ikerketa batzordearen lana da ebaztea gobernuak nola kudeatu zituen sexu jazarpenengatik lehen ministro ohiaren aurka egindako salaketak. Iragan urtearen hasieran, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Salmond errugabea zela, eta, bien bitartean, hark auzitara eraman zuen gobernua, kudeaketa hori legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—.

Ebazpen horrek eragin du ekaitz politikoa: parlamentuak barne ikerketaren lana ikertzeko batzorde bat eratu zuen, eta hor deklaratu zuen Sturgeonek, erantzunak idatziz bidalita. Bada, gobernuburu ohiaren iritziz, egungo kargudunak «hainbatetan engainatu» zituen batzordea osatzen duten diputatuak, informazio faltsua emanez.

Hala, lehen ministroak esandakoetan eta ez esandakoetan dago jarria arreta; Ministroen Kodearen arabera, gezurra esatea kodea ez errespetatzea da, eta, hortaz, Sturgeonek dimisioa eman beharko luke hori egin duela frogatzen badute. Haren senar eta SNPko zuzendaritzako kide Peter Murrel ere ikerketapean dago, besteak beste, Salmonden aurkako karguak aurkeztu zituztenean mezu hau bidali zuelako: «[Salmondek] Borrokatzeko zenbat eta fronte gehiago izan, orduan eta hobeto».

Hain justu, gobernuburu ohiak Murreli eta Sturgeonen taldeko beste hiru gertukori egotzi die haren aurka aritzea, eta hura «kartzelatzeko konspirazio baten parte» izatea: «Badira gehiago, baina, arrazoi juridikoengatik, ezin ditut izendatu», dio ikerketa batzordeari emandako dokumentu sortan.

Horretan ere berretsi du bere abokatuek hilabeteotan esandakoa: gobernuak eta fiskaltzak ez dizkiotela batzordeari eman bere barne ikerketari buruzko dokumentu guztiak.

Aliantza baten haustura

Garai batean, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza. Urte horietan sortutakoa, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako salaketek sortu duten egoeragatik.

Lehen ministro izandakoaren bertsioa plazaratu ostean, Sturgeonek BBCri adierazi dio dena gezurra dela, eta akusazioak frogarik gabekoak direla: «Iradokitzen ari da bere kontrako kanpaina koordinatu bat dagoela, baina horren ebidentziarik gabe. Orain aukera du hilabeteotan entzun duguna frogekin ordezkatzeko». Salmondek bihar deklaratzen badu, lehen ministroaren txanda izango da datorren astean.

Inkesten arabera, gobernua eta SNP aspaldidaniko egoerarik hoberenean daude, inoizko onenean ez esatearren, nahiz eta pandemia betean gobernatzen ari diren; are, alderdiak maiatzeko bozetan gehiengo osoa berreskuratuko luke.

Gobernuburuaren sendotasuna, ordea, dirudien baino ahulagoa da, alderdiko sektore bat zalantzan jartzen ari baita independentziarako haren estrategia. Baina, oraingoz, arriskua ez dator hortik, sexu erasoengatiko salaketen harira hasitako gatazkatik baizik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Torrent Kataluniako Parlamentuan, joan den astelehenean. ©Marta Perez / EFE

Kataluniako Fiskaltzak auzitara eramango du Parlamentuko Mahaia, monarkia gaitzesteagatik

Paulo Ostolaza

Desobedientzia egotzi diete joan den legegintzaldian Kataluniako Parlamentuko presidente izandako Roger Torrenti eta mahaiko kide subiranistei, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari jaramonik ez egiteagatik.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia, artxiboko irudi batean. ©EFE

Sarkozyri hiru urteko espetxealdia ezarri diote, ustelkeriagatik

Ander Perez Zala

Zigorraren bi urte gibelamenduarekin dira, eta, hortaz, Frantziako presidente ohiak soilik urtebete pasatu beharko luke kartzelan; halere, presondegian ez sartzeko aukerak izango ditu. Helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.

Askatu den izotz zatia, otsaila erdialdean ateratako argazkian. ©British Antartic Survey

Londresen tamaina duen iceberg bat askatu da Antartikan

Berria

1.270 kilometro karratu ditu askatu den izotz zatiak. Duela hamar urte azaldu ziren lehen pitzadurak, eta ostiralean hasi zen askatzen izozmendia. 

Kalamua, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Kalamua erregulatzeko legea prestatzen hasiko da ERC

Berria

ERCk salatu du PSOE eta Unidas Podemos alderdiek ez dutela aurrerapausorik eman kalamuaren legea erregulatzeko, eta, gauzak horrela, beren lege propioa prestatzen hasiko direla aurreratu dute. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna