Hong Kong

Hong Kongeko bozetara aurkezteko, Txinari fideltasuna azaldu beharko zaio

Gobernuak datozen bost urteetarako lege proiektu bat aurkeztuko du martxoan, eta han biltzen den neurrietako bat da politikariek Pekini leialak izango direla zin egin beharko diotela. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela».

"Demokraziaren ldeko" manifestari bat, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 23a
18:11
Entzun

Aurrerantzean, Txinari leialak izan beharko zaizkio Hong Kongeko hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiak. Edo, gutxienez, hala zin egin beharko dute. Ez badute hala egiten, kanporatu egingo dituzte, eta bost urterako inhabilitazio bati egingo diote aurre. Hala zehazten du Hong Kongeko gobernuak datorren hilean aurkeztuko duen lege proiektuak. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela».

Erabaki hori babestu du gobernuko batzorde exekutiboak, eta hala jakinarazi du Erick Tsang Hong Kongeko Gai Konstituzionaletarako idazkariak: «Hautagaiak abertzalea dela baldin badio, baina Txinako Errepublika buru duen gure sistema eta haren ezaugarriak errespetatzen ez baditu, ez da onargarria. Abertzalea bazara, Txinako Alderdi Komunistak herrialdea gidatzea onartu behar duzu», adierazi du.

Txinak ez du asmorik Hong Kongen ahots disidente gehiago onartzeko. Iaz segurtasun nazionalerako lege bat ezarri zuen Txinak; Pekinek neurriak hartu zituen behar bezain leialak ez ziren agintariak kanporatzeko, eta oposizioko buruak atxilotu zituzten, legez kanpoko batzarrak egitea eta atzerriko herrialdeekin bat egitea egotzita.

Lege horrek, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu, baina eztabaida gehien eragin zuen puntua da horri esker Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen dituztela Hong Kongen, eta askatasun handiagoz jokatu ahal dutela.

Pekinen kritikoek eta nazioarteko hainbat herrialdek Txinari egotzi diote herrialde bat, bi sistema printzipioa amaitu nahi izatea. Txinak 1998an hartu zuen Hong Kongen kontrola —aurrez Erresuma Batuaren kolonia zen hiria—, baina 50 urtez hango biztanleen eskubideak, askatasunak eta sistema errespetatuko zituela hitzeman zuen. 

Atzera begirako legea

Martxoan aurkeztuko duten legea atzera begirakoa izango da, eta, beraz, 2019tik karguan dauden politikariei ere eragingo die; orduko hauteskundeetan, «demokraziaren aldekoak» gehiengoa izan ziren, nabarmen. Zina apurtzen duen edo apurtu duen edonor kargutik kendu ahal izango dute, eta politikari horrek epaiketa bati egin beharko dio aurre geroago. Tsangek inhabilitazioa ezartzeko erabili ahalko dituzten arrazoien artean aipatu ditu Hong Kongen independentziaren alde egitea, edo Txinak Hong Kongekiko duen subiranotasuna ez onartzea.

Leialak diren edo ez epaitzeko, kontuan hartuko da hautagaiek iraganean izandako jokabidea ere. Hori dela eta, litekeena da 2019ko hauteskundeetan karguak eskuratu zituzten asko inhabilitatzea, haietako hainbat atxilotuak izan baitziren iazko istiluetan. Hori hala izango dela baieztatu du Tsangek: «Dena den, pertsona baten iraganeko ekintzak epaituko ditugun ala ez, hori bakoitzaren kasuaren araberakoa izango da». Gehitu du zin egitearena «serio hartzen dutenek» ez dutela arazorik izango.

Lege proposamena Hong Kongez eta Makaoz arduratzen den Txinako Gobernuaren ordezkariak aurkeztu zuen, Xia Baolongek. Baolongen arabera, Hong Kongeko hauteskundeak «hobetzeko» lanean ari dira, eta gehitu zuen instituzioek ezin dutela onartu «antisistemak» politikan sartzea.

Oposiziorik ez

Gaur egun ez dago oposizioko talderik Hong Kongeko Parlamentuan, demokratek han egoteari uko egin baitzioten iaz, haietako lau kide inhabilitatu zituztenean: eskualdeko gobernuak kargutik kendu zituen «demokraziaren aldeko» lau parlamentari, segurtasun nazionalerako arrisku bat izatea egotzita, eta beste hamabost ordezkarik kargua utzi zuten protesta modura. Orduan esan zutenez, Hong Kongek «jada ezin dio munduari esan herrialde bat, bi sistema printzipioa indarrean denik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.